Armadaren kuarteleko militar bat atxilotu dute Loiolan
Bart izan dira gertaerak. Lehen informazioen arabera, militar talde batek emakume batzuei genitalak erakutsi zizkieten kalean eta Francoren aldeko oihuak egin zituzten. Ondorioz, Ertzaintzak militar bat atxilotu du.
Udal gobernuak bere kezka adierazi du eta ikerketako datuen zain badago ere, militar hauen jokaera guztiz gaitzetsi du. Gertaerak gaitzetsi dituzte “Loiolan sortu duten alarma eta kezka nabarmenarengatik”.
Udal gobernuaren arabera, “gertaera hauek agerian uzten dute, batetik, indar militarrak oztopo direla Euskal Herrian bizi dugun bake prozesuarentzat, eta bestetik oraindik bizi dugun gatazkaren froga direla”.
Gertakariak gertakari, udal gobernuak bakea eta elkarbizitza eraikitzeko bere konpromisoari eutsiko diola nabarmendu du.

