
‘El chico de la ultima fila’ antzezlaneko kideetako batzuk; Iñigo Antsorregi, Teresa Pro, Jose Luis de Torres eta Ion Sagarzazu. (Argazkia: E. Zabala)
Donostiako konpainia amateurraren lana ostegunean eta ostiralean ikusteko aukera egongo da, Viktoria Eugeniako Klub aretoan.
Donostiako Teatro Estudio konpainiak
El chico de la ultima fila (
Azken ilarako mutila) antzezlana bigarren aldiz eskainiko du hirian. Zehazki, Viktoria Eugeniako Klub aretoan bi emanaldi egingo ditu talde amateurrak, ostegunean eta ostiralean, 21:00etan. Sarrerak 10 eurotan salgai daude. Antzezlaneko arduradunetako batzuk aurkezpena egin dute, gaur goizean.
Teatro Estudiok iazko martxoan ekin zion antzezlan horren ibilbideari, eta Donostian, Alicanten, Zaragozan, Errioxan eta Madrilen ibili ostean, berriro ere Donostiara itzuli da. German izeneko literatura irakaslea eta Claudio ikaslea dira obrako protagonistak; Jose Luis de Torres eta Ion Sagarzazuk interpretatzen dituzten pertsonaiak, hain zuzen ere. Beraiekin batera, beste lau pertsonaiek osatzen dute antzezlana: Juana (Karmele Alza), Rafa (Iñigo Antsorregi), Rafa aita (Mikel Larrañaga) eta Ester (Mercedes Galiana). Zehazki, instituto bateko irakaslea da German, eta bertako ikasleek literatura da buruan duten azken gauza. Ikasle horien artean, ordea, desberdinduko den ikasle bat azalduko da, Claudio, eta irakasle-ikasle harreman berezia sortuko da euren artean.
Jose Luis de Torresek Klub aretoaren gertutasuna nabarmendu nahi izan du. “Lehen aldiz klub aretoan aritu nintzenean oso esperientzia polita bizi izan nuen. Oso interesgarria da gertutasun horretan lan egitea. Aktoreentzat erronka zaila da, eta ikusleentzat esperientzia polita”, aipatu du De Torresek. Ion Sagarzazuren iritziz, berriz, antzezlana oso momentu onean dator Donostiara. “Antzezlanak haziz joaten dira, eta uste dut orain oso momentu on batean gaudela”, azaldu du Sagarzazuk.