Egian eta Ibaetan igandean hasiko dira San Tomas eguna ospatzen
Hilaren 21ean ospatuko da hirian San Tomas eguna. Zenbait auzotan, ordea, lehenago hasiko dira. Ibaetako Lagunen auzo elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu iganderako (abenduak 15) eta baserritar jantzita joateko deia egin die bizilagunei. 11:00etatik aurrera, Karlos Santa Maria plazan, frontoiaren plazan, txistor eta gazta pintxoak dastatzeko aukera izango da. Ibaetako baserritarrek barazkiak eta frutak salduko dituzte; Antigua Luberri Institutuko eta ZIG gelako ikasleek turroi eta pasta postu bat jarriko dute; auzotarrek eskulan postu bat jarriko dute… Gainera inauterietako konpartsak bigarren eskuko azoka bat irekiko du 10:00etan. Musika Naiz taldeak haur eta helduentzako musika tailerra emango du. Musika tresnak sortu eta musika banda bat sortuko dute. Zakarrontzira bota ohi ditugun hainbat objekturekin egingo dituzte musika tresnak.
Egian ere, igandean hasiko dira San Tomas egunerako girotzen. Xudur kultur elkarteak askotariko jarduerak prestatu ditu. Goizean, 10:00etan, dianarekin hasiko da festa. Azoka irekiko dute 11:00etan eta bertan barazkiak, gaztak eta mamiak erosi ahal izango dira, besteak beste. Sabela betetzeko jakiak ere izango dira: txokolate jatea, taloak, txistor pintxoak, besteak beste. Egeurdian, 12:30ean, Nazioarteko 6. Toka Txapelketa egingo dute, eta ordu berean, saski zozketa.
Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolan larunbatean ospatuko dute San Tomas eguna. Azoka irekiko dute goizean, 10:30ean: abere erakusketa, barazkiak, eskulanak… Irakasle eta ikasleen jaialdia ere egingo dute, 11:30ean. Txistor ogitartekoak saltzeko postuak jarriko dituzte 3. mailako ikasleek, 12:00etan. Hurrengo urtean Parisera bidaiatu nahi dute, eta dirua biltzen ari dira.