Giza Eskubideen Adierazpenaren irakurketa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak dituen 30 artikuluak irakurri dituzte Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen etxean.
Donostian giza eskubideen alde lanean ari diren 17 elkartek parte hartu dute irakurketan: Asociación de Victimas del Genocidio; Lokarri; Demagun Hausnarketarako Taldea; Harrera Elkarte Asistentziala; Hamaika Bide elkartea; Euskal Memoria Fundazioa; Laranjaz Beteta elkartea; Gune Irekiak Gizarte Ikerkuntza elkartea; SOS Arrazakeria; Banda Bat kultur elkartea; Jatorkin; Bakerako Lankidetza Batzarra; Agifugi; Ikertze; FUDEN/satse; Gipuzkoako GKE elkartea eta Interred.
Bertan izan ez bada ere, argazkiak bidali ditu Covite elkarteak ere, artikuluen irakurketarekin batera erakutsi duten argazki muntaian parte hartuz. Horiekin batera, Giza Eskubideen Batzordeko lehendakari Juan Karlos Izagirrek eta Udalean ordezkatuta dauden alderdi politikoetako ordezkariek ere parte hartu dute irakurketan: Bilduko Nora Galparsorok eta EAJko Iñaki Gurrutxagak.
Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Batzordeak antolatu du jarduera hau, eta giza eskubideen aldarria egiteaz gain, eskubide horien alde lanean ari diren elkarteak omendu nahi izan dituzte horrela. Juan Karlos Izagirre Giza Eskubideen Batzordeko presidenteak adierazi du bat egiten dutela Giza Eskubideen Adierazpenaren bi oinarrirekin. “Bakea iraunkorra izan dadin aurretiko justizia bat beharrezkoa da. Eta era berean, ezin dugu ahaztu bakea ere oinarrizko eskubide bat dela”, esan du Izagirrek. Zentzu horretan, bakearen eraikuntzan “guztien arteko elkarlana” funtsezkoa dela adierazi du.
Rene Cassin: bakea eskubide erakusketa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Rene Cassin: bakea eskubide erakusketa
Giza Eskubideen nazioarteko eguneko bigarren jarduera Aieteko kultur etxean egin dute. Bertan ireki dute ofizialki Rene Samuel Cassin baionarraren inguruko erakusketa:
René Cassin: bakea eskubide. 1887an Baionan sortu eta 1976an Parisen hil zen Cassin. Bakearen Nobel Saria irabazi zuen 1968an eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean hartu zuen parte. Horregatik aipamen berezia egin diote gaur.
Erakusketa Donostiako Udalak eta Baionako Euskal Museoak antolatu dute elkarlanean. Alde batetik Rene Cassinen biografia eta testuinguru historikoak deskribatu dituzte. Bi mundu gerren tarteko testuinguru historiko, kultural, ekonomiko eta soziala islatzen dituzte. Aurkezpenean Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Xabier Kerexeta erakusketaren komisarioa eta Marie Christine Riviere Baionako Kultura zuzendaria izan dira. Rivierek “itxaropenaren maixu” deitzen ziotela Cassini aipatu nahi izan du, eta giza eskubideen unibertsaltasuna azpimarratu du.
Zentzu horrretan erakusketaren helburua XXI. mendeko giza eskubideez hausnarketa eragitea dela adierazi dute. Horretarako, Cassinen biografiaz gain, mural batean Adierazpen Unibertsalaren 30 eskubideak jasotzen ditu erakusketak, egungo errealitatearekin lotutako hamar gai handiren inguruan. Bertan ikus daiteke, adibidez lana eskubidea dela, ez betebeharra; kultura eta hezkuntza oinarri direla, ez gehigarri; elkarrizketarik gabe eta elkar ezagutzarik gabe, ez dagoela zuzenbiderik; eta estatuak pertsonen zerbitzura daudela, ez alderantziz.
Erakusketa publiko mota guztientzat irekia dago, baina bereziki gazteentzako egokia dela uste dute. Izan ere, Marie Christine Rivierek Cassinen ideiak gogora ekarriz, hezkuntzaren bidez gauzak aldatzen direla nabarmendu nahi izan du.
Erakusketa Aieteko kultur etxean egongo da ikusgai urtarrilaren 5a arte.