Iñaki Irurtia, Raul de la Rosa, Axier Jaka eta Ricardo Burutaran, maparen aurkezpenean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Hiriko eremu elektromagnetikoen mapa aurkeztu dute gaur arratsaldean, San Jeronimoko kriptan. Ingurumen eta Hirigintza zinegotzi Axier Jaka eta Ricardo Burutaran bertan izan dira, Ingurumen zuzendari Iñaki Irurtia eta maparen egile Raul de la Rosa teknikariarekin batera. Azken honek azaldu ditu hiriaren berezitasunen nondik norakoak, baina zinegotziek eurek eman dute albiste nagusiaren berri: goizean, udal talde guztiek adostuta, lantalde bat egituratu dute telekomunikazio sareen antenak arautzeko ordenantza berri bat osatzeko.
Hain zuzen ere, urtarrilean hasiko dira lanean, eta joan den otsaileko udalbatzarrean aho batez adostutako ebazpenaren oinarriak jarraituko dituzte; hots, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarraren 1815 ebazpenak dioena. Testu hori oinarri hartuta, prekauzio irizpideak ezartzea izango dute helburu, lor daitezkeen zentzuzko baliorik txikienak ordenantza berrian jasotzeko.
Burutaranek ordenantza berria egiteko orduan izango duten arazo nagusia zein izango den aurreratu du, lana erraza ez dela izango nabarmendu eta gero. “Juridikoki eztabaidatua izango den gauza bat dela badakigu. Horregatik, hedaeremua mantentzean datza gakoa, igorpen maila gutxitzen. Hori bermatzen badugu, garaile irtengo gara gatazka juridikotik”, azaldu du Hirigintza zinegotziak.
Eremu elektromagnetikoen mapari dagokionez, azterketa egiteko garaian gertu eta ikusgarri dauden antenak hartu dituzte kontutan batez ere; hau da, aurrean ia oztoporik ez dituztenak. Horietako gune batzuk ikastetxeak dira; hala ere, ez dira bakarrak. Neurketak ekainaren 4an, 5ean eta 6an egin zituzten, eta honako lekuetan izan ziren, besteak beste: Amara Berri ikastolan, Errondo pasealekuko parkean, udaletxean, Orixe ikastolan, Katalunia plazan, Zuhaitzi ikastolan, San Frantzisko kalean, Zurriola pasealekuan, Kursaalen, Euskadi plazan, Egiako epaitegietan, Gipuzkoa plazan, Artzain Oneko plazan, Koldo Mitxelena kulturuneko bulegoetan, Buenavistan, San Juan kalean…
Orotara telefonia mugikorreko 146 antena identifikatu dituzte, eta neurtutako mailek indarrean dagoen Estatuko legedia betetzen dutela esan dute. Arazoa, baina, legedi hori zaharkituta dagoela esan du De la Rosak, eta gainera eragin termikoak bakarrik hartzen dituela kontutan, «horiek ez direnean garrantzitsuak, kaltegarriak termikoak ez diren eraginak direlako”. Maparen egilearen arabera, “herritarren zati handi bat komeni ez diren baloreak inguratuta bizi da”, ondorioztatu du. Hori dela eta, ordenantza berri bat egitea beharrezkoa dela erantsi du. “Mapa lehenengo pausua da bide horretan. Gogoeta ez da hemen amaitzen, hemen hasten da”, adierazi du Burutaranek.