Fernando Bernues. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Donostia 2016 proiektuaren antolakuntza egituratik kanpo gelditzea erabaki duela jakinarazi du kultur hiriburutzaren fundazioak.
Zuzendaritza ardura utzi arren, aurrerantzean ere proiektuarekin kolaboratuko du Bernuesek. Hain zuzen ere, 2014ko martxoan inauguratuko den 2016 Gunean garatuko diren proiektuak diseinatu eta koordinatuko ditu. Hala jakinarazi du gaur kultur hiriburutzaren fundazioak. Bernues proiektuaren zuzendari artistikoa zen 2012ko uztailetik.
Izan ere, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioaren Patronatuak ohiko bilera izan du bere egoitza berrian, Easo kaleko lehengo suhiltzaileen eraikinean. Itziar Nogeras egitasmoko talde teknikoaren buruak 2014rako lan eta ekintza plana aurkeztu du, eta baita ekintza horiek gauzatzeko aurrekontu zehatza ere. Patronatuko kideek aho batez onartu dute lantalde teknikoak aurkeztutako aurrekontu proposamena, eta ondorioz, 2014rako zenbatekoa: 6.855.298 euro.
Bileran parte hartu dute honako ordezkari instituzionalek: Donostiako Udalaren izenean, Juan Karlos Izagirrek, Nerea Txapartegik eta Amaia Almirallek: Ikerne Badiolak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean; Cristina Uriartek eta Joxean Muñozek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari moduan; eta Maria Teresa Lizaranzuk eta Begoña Cerrok, azkenik, Espainiako Kultura Ministerioaren izenean.
Hain zuzen ere, Patronatuko kideek Espainiako Kultura Ministerioa Donostia 2016 Fundazioan sartzea erabaki dute gaurko bileran. 2014rako 1,1 milioi euro jartzeko konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuak.