Igeldo 89. udalerria izateko babes kanpaina bat jarri du abian Itsas Aurrek
http://youtu.be/l0b_vpp64ig
Igeldo Gipuzkoako 89. udalerria izatea nahi dute igeldotarrek. Hala adierazi zuten azaroan egindako herri galdeketaren bidez. Gaur, nahi horri bultzada berri bat emateko manifestu bat irakurri dute Koldo Mitxelena Kulturunean.
Fito Rodriguez idazleak irakurri du testua, baina alboan izan ditu Mikel Astarloza txirrindularia, Ze Esatek taldeko Jabi Rodil kidea, Piraten kolektiboko Aritz Barela, Asier Sota aktorea, Xabi San Sebastian musikaria eta Alicia Sturtze historialaria. Itsas Aurreren pauso berri honek Gipuzkoako hainbat pertsona ezagunen babesa jaso du, eta gaurkoan horietako batzuk hartu dute hitza.
Idazleak, musikariak, sukaldariak, kirolariak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak…orain arte 50 pertsona ezagunen babesa jaso dute. Guztiak datoz bat igeldotarren borondatea errespetatzea aldarrikatzen duen testuarekin, eta hemendik aurrera ere babesa areagotzea espero dute.
Itsas Aurreren manifestuaren arabera, Igeldoko komunitatea osatzen duten biztanleek merezi dute beren buruaren jabe izateko aukera. Hala ere, ez direla inoren kontrako mugimendua adierazi dute, eta are gutxiago Donostiaren kontrakoa. Aitzitik, Igeldok adiskidetasunezko harremana izan nahi omen du bai Donostiarekin eta baita Gipuzkoako gainerako udalerriekin ere. Adiskidetasuna, ordea, berdinen arteko harremana da, eta horixe da manifestuan eskatzen dutena: utzi diezaietela beste 88 udalerrien adiskide izaten eta, haiekin batera, Gipuzkoa osatzeko auzolanean 89. partaidea izaten.
Azkenik, desanexioaren bidean igeldotarrek euren esku zegoena egin dutela adierazi dute, eta orain erakundeei dagokiela bide horretan hurrengo urratsa egitea. Horixe da, hain zuzen ere, eurengandik espero dutena eta gaur aurkeztu duten testuaren bidez “ozenki eta irmo” eskatu dutena.
Internet bidez ere bat egin daiteke Itxas Aurrek abian jarri duen babes kanpainarekin.
Erlazionatutako edukiaIgeldotarren %61ek udalerri propioa izan nahi dute