Nekazarien zaindariaren egunean, maiatzaren 15ean, irekiko dituzte baratze publikoak
Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean onartu du herri baratzeen parke publikorako araudi proposamena, datorren asteko udalbatzarrera eramango dutena.
Udal gobernuaren proposamenaren arabera 60 euro ordaindu beharko dira baratzeak erabiltzeko, eta 100 euroko fidantza bat ezarriko da, erabiltzaileek jabari publikoko espazio hori behar bezala erabiltzen dutela bermatzeko. Fidantza hori itzuli egingo da esleipen epea amaitu ondoren.
Proiektu honetan interesa duten donostiarrek otsailetik aurrera eskatu ahal izango dituzte lursailak, orduan irekiko baita hautatzeko irizpideak ezarriko dituen deialdi publikoa. Parke publikoak maiatzean irekiko ditu ateak (maiatzaren 15ean), eta guztira 80 lursail izango ditu, 40 eta 50 metro koadro bitartekoak. Datozen bi urteetan, bigarren eta hirugarren faseak jarriko dira abian, 350 herri baratze osatzen diren arte.
Baratze bat lortzeko, beharrezkoa da, besteak beste, adinduna izatea, udalerrian erroldatuta egotea eta laborantzarako lurrik ez izatea, ez jabetzan eta ez errentan.
Baratzeetan lan egiteko baldintzak
Gaur onartutako proposamenak erabilpen eta gozamen baldintzak arautzen ditu, hala nola, parke honetako baratzak landatzeko baldintzak. Hala, nekazaritza ekologikoko produktuak soilik erabili ahalko dira. Beraz, ezingo dira erabili lurra hondatzen duten produktuak, hala nola ongarriak, fitosanitarioak eta akuiferoak kutsa ditzaketen bestelako produktuak ere.
Bestalde, ezingo da espezie exotikorik landatu, eta ezta inbaditzaile edo garaian garaikoak ez diren espezierik ere. Baratzeak ureztagailuak erabiliz ureztatuko dira, eta ura inguruan egongo diren iturrietatik hartu ahal izango da. Sortzen diren hondakin organikoak han bertan egingo den konpostaje gunera bota beharko dira. Parkea zerbitzu publiko bat izango da, donostiar guztiei irekia, eta bisitak antolatuko dituzte eskola umeekin eta pasieran dabiltzatenekin, parkean zer jarduera egiten diren ikusteko eta nekazaritza tradizional eta ekologikoaren balioak ikasteko aukera emateko.
Baratzeen erabiltzaileek elkarte bat osatuko dute, eta elkarte horren egitekoa parkea ezagutu eta gozatu nahi duten herritar guztiei informazioa helaraztea eta nekazaritza eredu horretan sentsibilizatzea izango da.
Araudia urtarrileko osoko bilkurara eramango dute, onartzeko, eta, aurretik, Garapen eta Lurralde Antolamenduko batzordetik pasako da.
Axier Jaka Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, zerbitzu publiko hori abian jarrita, ingurumenaren gaineko ezagutza eta errespetua sustatzen duen proiektu bat jarriko dute herritarren eskura. “Tokiko Agenda 21eko jarduera planean jasota dator herri baratzeak sortzeko beharra. Zerbitzu hori ikuspuntu guztietatik da garrantzitsua. Izan ere, landagunea eta naturagunea balioan jartzen ditu, nekazaritza ekologikoa eta autokontsumoa indartzen ditu, ziklo naturalen ezagutza sustatzen du, eta pertsonen arteko harremanak hobetzen ditu, komunitatearen eta autokudeaketaren ideia indartuz, proiektuaren izaera hezitzailea ahaztu gabe”, nabarmendu du Jakak.