
Ramon Labaien
EAJko buru eta Donostiako alkate izandakoa atzo gauean zendu zen Donostiako ospitalean. 86 urte zituen.
Politikari eman zion ia bizitza osoa Ramon Labaienek. 1980an Jaurlaritza sortu berritan Kultura sailburua izan zen, eta EITBren sortzailea.
Donostiako alkate izateko utzi zuen Jaurlaritza. 1983ko udal hauteskundeetan lortu zuen Donostiako alkatetza, jeltzaleen hautagai gisa. 1987a arte izan zen Donostiako alkate. «Burgesiaren alkate» definitzen zuen bere burua.
Jesus Maria Alkainen lekukoa hartu zuen, eta ondoren EAko Xabier Albisturrek hartu zuen kargua. 1987an ere Donostiako EAJren alkategaia izan zen, baina bi zinegotzi baizik ez zituen atera haren zerrendak. EAJren eta EAren arteko banaketak kaltea besterik ez zion ekarri Labaieni: EAJ seigarren indarra izatera pasatu zen Donostiako Udalean, bi zinegotzirekin.
Labaienek dimititu egin zuen orduan, eta enpresa pribatura itzuli zen, SAPA arma fabrikara. Gai militarrean aholkulari izan zen ordudanik, 2010. urtean erretiroa hartu zuen arte.
Carlos Garaikoetxearen gobernuan izan zen Kultura sailburu. Euskarazko telebista eta irratia sortzea zituen lehentasun goren. Euskarazko telebistak eta irratiak aurrera egin bazuten, ikastolei esker dela esana du behin eta berriz.
Azken aldian Independentistak taldean zebilen. Taldearen sortzaileetako bat izan zen.
Zurriola ikastolak iaz omenaldia egin zion, besteak beste, bertako danborradari emandako laguntzagatik. Danborradaren historia eta trajeak ondo ezagutzen zituen Labaienek, eta Zurriolako haurrek danborradan daramaten uniformea hautatzen laguntza handia eman izana eskertu zioten. Umea zenetik, eskuz metal zurizko soldadutxoak egiteko zaletasuna zuen, baita horiek saldu ere.
Gudariño deitzen zien; «nik asmatu nuen hitza».
Grosen bizi zen, Nafarroa hiribidean. IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzailea izan zen.
Loretopetik atalean idazten zuen; a
zken artikulua joan den martxoan bidali zuen.
Tolosan jaioa
Tolosan jaio zen, 1928 abuztuaren 31n. Bere aita Antonio Maria Labaien Tolosako alkatea zen, EAJ alderdikoa, eta 36ko gerran alde egin behar izan zuten. Lehenengo Zarautzera joan ziren eta handik Oñatira. Gero Ipar Euskal Herrira joatea lortu zuten.
Madrilen Kimikan lizentziatu zen. Kontserba industrian lan egin zuen, eta turismo enpresak zuzentzen ere bai. Donostiako Londres hotelaren zuzendari izan zen 15 urtean. 1978ko ekainetik aurrera Aurrezki Kutxa Munizipaleko presidentea ere izan zen. 1980tik 1983ra Eusko Jaurlaritzako lehen Kultura sailburua izan zen, 1983ra arte. Bere ardurapean sortu ziren Euskal Telebista, Euskadi Irratia, HABE, literatur sariak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
Gorpua Donostiako Zorroaga beilategian izango da gaur 16:00etatik astelehenean eguerdian ehortziko duten arte. Hileta elizkizuna Tolosan egingo dute, astelehenean, 18:00etan.