Itzurun konpartsa Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeko hautagaia da
Udal gobernuak nabarmendu du inoiz baino hautagai gehiago proposatu direla.
Osteguneko osoko bilkuran berretsiko dituzte bi sarietarako proposamenak.
Azken asteetan zurrumurru asko izan dira Herritar Merezimenduaren Dominen eta Urrezko Danborraren hautagaien inguruan. Gaur udalak argitara eman ditu hautagai guztiak, eta aste honetan bertan erabakiko da nork eskuratuko dituen.
Bozeramaileen Batzarrak bihar goizean tratatuko ditu Herritar Merezimenduaren Dominak. Urrezko Danborra nori eman, ostera, Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak aztertuko du, asteazkenean. Bi sarietarako proposamenak osteguneko osoko bilkuran berretsiko dituzte. Herritarrek egindako proposamenez gain, bi erakundeetako ordezkariek ere egin ahal izango dituzte proposamenak.
Udal Gobernuak nabarmendu nahi du hautagaiak aurkezteko garaian egon den “herri partaidetza altua”. Dominetarako hautagaiei dagokienez, azken urteotan baino proposamen gehiago izan da aurten, guztira 14 izen eta erakunde proposatu baitituzte. Udal gobernuaren arabera, 2005. urtetik ez ziren horrenbeste proposamen jasotzen herritarren artetik, orduko hartan, 21 jaso zirelarik. Aurtengo zerrendan hauexek daude: Itzurun erraldoi eta buruhandien konpartsa, Altzako Historia Mintegia, Itxaropen Telefonoa, Joaquin Fuentes, Elena Odriozola, Daniel Zulaika, Mundo Nuevo, Angel Garcia Ronda, Jochen Carl, Antonio Saint-Gerons, Joxe Mari Oiarzabal, Jose Ignacio Ansorena eta Eduardo Soto.
Urrezko Danborrerako, berriz, aurten inoiz baino hautagai gehiago proposatu dituztela nabarmendu du udal gobernuak. Hain zuzen, 19 pertsona edo entitatek 16 proposamen aurkeztu dituzte –iaz zazpi hautagai aurkeztu zituzten, eta aurreko urteetan, berriz, dozena erdi–. Zerrenda honako hauek osatzen dute: Musika Hamabostaldia, Vicente Zaragueta, Maddalen Iriarte, Juan Jose Ocon, Robert S. Winter, Alberto Iglesias, Golden Apple Quartet, Javier Aizpurua, Bustingorri familia, Dario Garrido, Gipuzkoa Elikagaien Bankua, Itzurun erraldoi eta buruhandien konpartsa, Duncan Dhu, Donostiako Zinemaldia, Alberto Schommer eta Justin Bieber.