
Virginia Ameztoi, Paleike, Gill Connon, Gabriela Muñagorri eta Tytti Thusberg dira euren lanak salgai jarri dituzten sortzaileetako batzuk. (Argazkia: E. Zabala)
Abenduarekin bat bat eginez, erakusketa kolektiboa zabaldu du Parte Zaharreko txokoak hirugarren urtez, larunbatera arte. Altzariak, zapiak, txanoak… zazpi artisten eskaintza zabala topa daiteke.
Ohiko erakusketetatik haratago, Gabonetako usaina iristearekin batera, erakusketa kolektibo berezia antolatu du Parte Zaharreko Ekain arte galeriak. Hala, opari orijinalak egin nahi dituenak, badaki nora joan; izan ere, zazpi artisten lanak bisitatu eta eros daitezke galerian, gaurtik larunbatera: Tytti Thursberg (poltsak), Paleike (altzariak), Gill Connon (txanoak), Gabriela Muñagorri (zapiak), Marta Fernandez (bitxiak), Inhee Jeon (zuntza eta zeramika) eta Virginia Ameztoi (zapiak).
Sortzaile bakoitzak bere ukitua ematen dio lantzen duen horri, eta prezio eskuragarrietan jarri dituzte salgai. Titty Thursbegek, esaterako, segurtasun uhalekin egindako poltsak egiten ditu, eta 64 eurotik gorako prezioa dute; Gill Connon eskoziarraren txanoak, berriz, material naturalekin eta birziklatuekin egindakoak dira, 40 eta 140 euro artean balio dute; Virginia Ameztoiren zapiak, zetazkoak dira, eskuz serigrafiatu eta margotutakoak, eta 90 eta 110 euro arteko prezioa dute; Gabriela Muñagorriren zapiak desberdinak dira, estanpazio digitala eta artisau teknika bat erabiltzen ditu, 80 euro eta 150 euroan saltzen dituelarik; Paleikeren altzariak, berriz, birziklatutako egurrekin sortutakoak dira.
Esan bezala, larunbatera arte egongo da azokatxoa bisitatzeko aukera, honako ordutegian: 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara. Sarrera doakoa da.