Igeldo herri izendatzeko erabakia ospatu dute
Igeldo Gipuzkoako 89. herria izango da bihar, eta Donostiako auzo izateari utziko dio. Aldundiak eman du eguerdian Igeldo herri izendatzeko erabakiaren berri, eta hainbat herritar desanexioa ospatzeko eta topa egiteko elkartu dira herriko plazan.
Aldundiak hartutako erabakiarekin pozik daudela adierazi du Itsas Aurre elkarteak, eta Donostiarekin harreman ona izan nahi dutela argi utzi izan nahi du.
Festa giroan ospatu dute desanexioa. Trikitilariak, bertsolariak, dantza… Jende andana elkartu da plazan, ospakizunarekin bat egiteko.
Kazetari eta argazkilari asko erakarri ditu elkarretaratzeak, ikusmin handia piztu baitu aldundiak ustekabean iragarritako albisteak.
Leku berean bozkatu zuten igeldotarrek, joan den azaroaren 10ean. Herri kontsultan igeldotarren %61,38 (391 boto) desanexioaren alde azaldu ziren; eta kontra %36,73 (234 boto). Parte hartzea oso altua izan zen, %72,1ekoa (637 boto zenbatu zituzten guztira).
- Igeldotarrak arratsaldean elkartu dira, erabakia ospatzeko. (Argazkia: Lide Ferreira)
- Pankarta honen bitartez jaso dute albistearen berri herritar askok. (Argazkia: Lide Ferreira)