Igeldo udalerri izango da bihartik aurrera
Diputatuen Kontseiluko erabakien berri emateko asteartean egin ohi dute agerraldia aldundiko ordezkariek. Bada, gaur eguerdiko prentsaurrekoa historiara pasako da, erabaki garrantzitsu bat jakinarazi baitute: Igeldo udalerri gisa egituratuko dute.
2014ko aurrekontuei buruz hitz egiten hasi da Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugarte, baina geroago Igeldoko aferari heldu diote, Martin Garitano ahaldun nagusia buru. Garitanok eman du berria. “Igeldo udalerri izatea erabaki du Diputatuen Kontseiluak. Bihartik aurrera Gipuzkoako 89. udalerria izango da”, adierazi du. “Ongi etorri Igeldo”, erantsi du Garitanok, eta azaroaren 10ean egindako herri kontsultaren emaitza “oso kontutan” hartu dutela berretsi du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatu Garbiñe Errekondok hartu du hitza geroago, eta hainbat xehetasun eman ditu. Igeldoren mugak oraingoak izango direla esan du, Donostiako Plan Orokorrean jasotakoak, eta izena bera mantenduko duela. Igeldok udalerri izateko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela nabarmendu du; hori bai, zerbitzu publiko guztiak bermatu beharko dituela esan du, mankomunitateen bitartez eta hitzarmenen bidez.
Batzorde kudeatzaile batek udalaren kudeaketa egingo duela azaldu du, datorren udal hauteskundeak iritsi bitartean.


