Karlos I.aren etorbideko lanak ez daude Aldundiaren aurrekontuetan
Galparsorok adierazi duenez, 2014ko aurrekontuetarako egindako akordioetan ez da Karlos I.aren saihesbidea isteko inbertsiorik aurreikusten. Aldiz, igarobideak errazteko zebrabidea ezartzeko pausuak berehala emango dituztela adostu dute.
Batzar Nagusiek 2014an Karlos I.aren etorbiderako irtebide bat bilatzeko inbertsiorik ez egitea erabaki dute. Erabaki horren aurrean, udal gobernuak Karlos I.aren inguruan irtenbide baten bila lan egiteko bere konpromisoa berrestsi du eta bizilagunen nahiz Udalbatzaren eskakizunekin bat egin du. Bide horretan, Batzar Nagusietako alderdiei eta Karlos I.aren etorbideko erabakietan inplikatuta dauden erakunde guztiei konpromisoak hartu eta betetzeko eskatu die.
Atzo bildu zen Nora Galparsoro Azpiegitura zinegotzia Larraitz Ugarte Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuarekin. Galparsorok gogorarazi zion Donostiarentzat lehentasunezko gaia dela Karlos I.aren arazoari irtenbidea ematea, bai osasun arazoak eragiten dituelako, eta baita auzoa erditik banatzen duelako ere.