Nola egituratuko dute Igeldo?
Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eman du albistea: Igeldo udalerri izango da bihartik aurrera. Udal hauteskundeak iritsi bitartean batzorde kudeatzaile batek kudeatuko du udala, baina gero, ordezkari politikoak hautatuta, edozein herri txikik duen funtzionamendua izando du. Hain zuzen ere, legeak dio 1.001 eta 2.000 biztanle artean dituzten udalerriek bederatzi zinegotzi behar dituztela izan. 5.000 biztanle baino gutxiago izanda, gainera, alkatea, alkateordea, kontuen batzordea eta Udalbatza izango ditu gutxienez, beharren arabera osa litezkeen batzordeez gain. Igeldok 1.074 herritar izanik, egoera honetan egongo da.
Udal gisa eskainiko dituen zerbitzuak gainontzeko udalerrien berdinak izango dira: eremu publikoa argiztatzea eta garbitzea, hilerria, ur hornikuntza eta estolderia, elikagaien kontrola, hondakinen bilketa eta bideen zolaketa. Legez ere eskumen hauek izango ditu: leku publikoen segurtasuna eta zirkulazioaren antolaketa; bide publikoen artatzea; hirigintza-antolamendu eta kudeaketa, ondare artistiko, historiko eta ingurumenaren babesa; zerbitzu sozialak eta garraio publikoa; turismo, kirol eta kultur arloak; eta lankidetza, irakaskuntza eta osasungintza arloan eskuduntza duten erakundeekin.
Beste udalerriek osatu ohi dituzten elkargoetan parte hartzeko aukera izango du, ur hornikuntza edo hondakinen tratamenduari dagokionez. Zerbitzu hauek mankomunitatearen bitartez eskainiko ditu. Hain justu, inguruko udalerrietan ur hornikuntza Añarbeko Uren Mankomunitateak bideratzen du. Errenteria, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Urnieta, Usurbil eta Astigarraga daude bertan. Hondakinen tratamendua, berriz, San Marko Mankomunitatearen esku dago aipatutako udalerri horietan. Igeldok bi erakunde horiekin egin beharko luke bat.
Diru iturriak bermatzeko, aldundiak zergetatik udaletara bideratu ohi duen zatiaz gain, udalerriek eurek dituzten finantzazio bide berdinak erabiliko ditu Igeldok: zergak eta tasak, alegia. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga edo ibilgailuen gainekoa izango dira esanguratsuenak.
Ezaugarri aldetik, Amezketak eta Berastegik antzekotasunak dituzte Igeldorekin. Bada, bi herri horiek 900.000 inguruko sarrerak dituzte. Horietatik %61 Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik jasotzen dituzte –aldunditik, lehen aipatu bezala– eta gainerako %39, udal zerga eta tasetatik.


