
Juan Karlos Izagirre alkatea (Argazkia: Nagore Koch).
Igeldo udalerri izango dela jakinarazi dute eguerdian aldundian. Donostiako Udaleko ordezkarien erreakzioak berehala etorri dira. PSE-EEk eta PPk Juan Karlos Izagirre alkatearen dimisioa eskatu dute, eta igeldotarra izanik, are eta urrutiago joan da PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gasco: “Donostiako alkate izateari utzi beharko lioke, bere lagun Garitanok izendatu berri duen udalerriko alkatea izateko”. Osteguneko udalbatzarrari begira urgentziazko proposamen bat sartzeko asmoa dutela aurreratu du Gascok, aldundia epaitegietara eramateko eskaera egiteko.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek, bere aldetik, “lasaitasuna” eskatu die herritarrei. Berak ere Izagirreren dimisioa eskatu du. “Sekula izan den gertaera politiko larriena” dela adierazi du, eta Garitanoren aldetik “sekulako arduragabekeria” dela nabarmendu du.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, azkenik, aldundiak ez duela beste aukerarik aztertu kritikatu du, eta udalari ez diotela Igeldoko aferan parte hartzeko aukerarik eman. Herritarren interesen gainetik interes politikoak gailendu direla esan du, eta ezker abertzalearen jarrera salatu du, “bere kabuz hartutako erabakia” delako. Era berean, PSE-EE eta PPri erantzun die, alkatea dimititzeko eskaera dela eta. “Hauteskundeetan lortu ez dutena lortu nahi dute orain. Ez gara joko horretan sartuko”, esan du. Hori bai, alkatearen jarrera ez dela “zintzoa” izan azpimarratu du.