Igeldoko garraio zerbitzua Foru Aldundiaren eskumena izango da
Donostia eta Igeldoren arteko eskumenak eta baliabideak banatzen hasteko batzorde bat osatuko dute.
Dbusek Igeldoko garraio publikoa kudeatzen jarraituko du arbitratze batzordeak bere lana amaitu arte. Orduan, Foru Aldundiak zerbitzua bere gain hartuko du, udalen arteko beste autobusekin gertatzen den bezala.
Momentuz, Dbusek bere aurrekontuetan aurreikusitako udal ekarpenarekin jarraituko du lanean. Baina bi udalerrien arteko autobus zerbitzua Foru Aldundiaren eskumena da eta horrela onartu beharko du Foru erakundeak batzorde horretan. Bertan zehaztuko dute zerbitzua Lurraldebusek hartuko duen, edo bi udalen arteko adostasuna balego, Dbusek, baina Foru Aldundiak dagokiona ordainduta.
Udal Gobernuak trantsiziozko hilabete hauetako kostua Aldundiak bere gain hartzea proposatuko du.

