
Herri Kontseilua eta Itsas Aurreko ordezkariak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Herri galdeketaz gain, egindako parte hartze prozesua oso garrantzitsua izan dela azpimarratu dute.
Ilusioa izan da Itsas Aurre eta Herri Kontseiluko ordezkariek aipatu duten lehen hitza. “Herri baten eta herritar batzuen ilusioa bete da, eta ilusioz ekingo diogu etorkizunari”, esan du Iñaki Marko, Herri Kontseiluko bozeramaileak.
Era berean, beraien “poza” adierazi dute Foru Aldundiaren erabakiaren aurrean eta eskerrak eman dizkiete bai Aldundiari eta baita babesa eskaini dieten gipuzkoar guztiei ere.
Eskerrak emanez eta beraien ilusioa nabarmenduz hasi dute Igeldoko kultur etxean egin duten agerraldia. Baina bi ideia azpimarratu dituzte. Batetik, herri galdeketaz gain, egindako parte hartze prozesua oso garrantzitsua izan dela azpimarratu dute, herritarren kezkak, ideiak, eta ekarpenak jasotzeko, eta baita herritarren artean informazioa zabaltzeko ere.
Bestetik, igeldotarrek euren iritzia eta nahia zein den argi adierazi dutela esan dute, eta herri kontsultaren emaitzek agerian uzten dutela erabaki hori: “Igeldotarren gehiengoak udalerri propioa nahi zuten; Igeldo udalerri izatea nahi zuten, eta lortu dugu”, esan du Markok.
Igeldotarren eskaerak
Dena dela, bi eskaera argi egin nahi izan dituzte gaurko agerraldiaren bidez. Batetik, Donostiako Udalari eta bertan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei emaitza aintzat hartu eta “heldutasun demokratikoa” erakusteko konpromisoa eskatu diete, “sortu den egoera berrian”.
Egoera berri horri begira, “ateak irekita dituztela” adierazi dute Herri Kontseiluko eta Itsas Aurreko ordezkariek. “Errespetua eskatzen dugu, eta guk ere errespetu osoz egingo diegu aurre hemendik aurrera derrigorrez sortuko diren elkarlan eta harremanei”, baieztatu du Markok. Alde horretatik, “gizalegez” jokatzeko deia egin dute.
Igeldoko ordezkariak Donostiako Udalera joango dira erabaki asko hartu beharko baitituzte; “bizilagunak izango gara eta lagun izan nahi ditugu Donostiako herritarrak eta baita alderdi politiko guztiak ere”, esan du Markok.
Udalerri berri bat diren lehen egunetik, herria eraitzen hasiko direla adierazi dute. Ez dute zalantzarik zerbitzu guztiak izango dituztela baieztatzerakoan; “Guk geuk kudeatuko ditugu gure baliabideak, gabeziak, eta betebeharrak”, esan du Jose Luis Cruz, Itsas Aurreko ordezkariak. Zentzu horretan, beti egin duten moduan, herritarrei hitza emanez eta antolaketa burujabe batean oinarrituz egingo dutela aurrera esan dute. Era berean, hogei urtean Igeldoren “nortasuna eta izaera” aldarrikatzeko lanean jardun duten herritar guztiei eskerrak eman dizkiete; baita hildakoei ere. Ramon Labaieni aipamen berezi egin diote emandako babesagatik.
2015ean hauteskundeak egiten diren arte, batzorde kudeatzaile bat arduratuko da Igeldoren kudeaketaz.