Urrezko Danborrari buruzko erabakia atzeratu dute, adostasunik lortu ez dutelako
Juan Karlos Izagirre alkateak proposamen berri bat aurkeztu du: Realeko Belar Hockey taldeari eta Bera Bera Eskubaloiari batera ematea.
Urtarrilaren 7ra atzeratu dute Urrezko Danborrari buruzko erabakia. Gaur goizean ziren aukeratzekoak nork jasoko duen datorren urtarrilaren 20ean, San Sebastian egunean, baina lehendik zeuden hamasei hautagaiez gain, proposamen berriak aurkeztu dira, eta Donostia Turismoko Administrazio Kontseilua ez da akordio batera iritsi.
09:00etan hasi dute bilera, eta eguerdirako espero zen erabakia. Baina araudiak ahalbidetuta, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak proposamen berri bat aurkeztu du: Realeko Belar Hockey taldeari eta Bera Bera Eskubaloiari batera ematea. Ez dira akordio batera iritsi, eta urtarrilaren 7an beste bilera bat egingo du erabakia hartzeko. Ondoren, ez ohiko udalbatza bat egin beharko dute erabakia berresteko.
Urrezko Danborra jasotzeko hautagaien artean daude: Alberto Iglesias konpositorea, Justin Bieber abeslaria, Alberto Schommer argazkilaria, Musika Hamabostaldia, Donostiako Zinemaldia, Itzurun konpartsa, Dario Garrido Urdanpilleta argazkilaria, Maddalen Iriarte kazetaria, Golden Apple Quartet eta Duncan Dhu musika taldeak, Juan Jose Ocon orkestra zuzendaria, Vicente Zaragueta Aquariumeko presidentea eta Gipuzkoako Elikagaien Bankua. Iaz Behobia Donostia lasterketak jaso zuen garaikurra.

