Herritarren erabakitze eskubidearen aldeko "maniFESTAzioa" egingo dute larunbatean
Igeldo Gipuzkoako 89. udalerri izendatu dutenetik sortutako aurkako erreakzioen aurrean, San Tomas egunean protestarako deia egin dute hainbat ezagunek, 12:30ean, Bulebarretik abiatuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo Gipuzkoako 89. udalerritzat izendatu duenetik alde guztietako erreakzioak iritsi dira. Joan den astean, udalerri izendapena ofiziala egin aurretik, igeldotarrei babesa eta bultzada emateko asmoz, hainbat pertsona ezagunek manifestu bat irakurri zuten. Finean, Itsas Aurrek udalerri izateko sinadura bilketa abiatu zuen, eta sukaldari, aktore, idazle, kirolari eta beste hainbat lagunen babesa jaso zuen. Orain, Igeldo udalerri izendatu dutenetik erabakiaren aurkako erreakziotik sortu direnez, ezagunek berriro ere hitza hartzea erabaki dute, eta prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Asier Sota aktoreak, Fito Rodriguez idazleak eta Alicia Sturtze historialariak hartu dute hitza, eta larunbatean Donostiako kaleetan barrena erabakitze eskubidearen aldeko “maniFESTAzioa” egingo dutela jakinarazi dute, Bulebarretik 12:30ean abiatuta. “Atxikimendua eman genuen horiek gertatutako babesten dugu, eta aldarrikapen bat egiteko larunbatean manifestazio bat egingo dugu, eta horri ere babesa emango diogu”, aipatu du Sotak.
“Duela astebete hainbat eremutako herritarrok agerraldia egin genuen igeldotarren aldarria bete zedin eskatuz, hain zuzen ere. Gure argudiatzearen oinarrian zegoen esaldia ekarri nahi dugu gogora, hala genion: Komunitate bati bere buruaren jabe izateko eskubidea aitortu behar zaion edo ez erabakitzeko modu egoki bakarra komunitate hori osatzen duten kideen borondatea da. Igeldoren kasuan borondate hori argi adierazi dela esan genuen, azaroaren 10eko kontsultan garbi mintzatu bai ziren”, azaldu du Rodriguezek. “Oso positiboa iruditzen zaigu gai anitzen inguruan herritarrei galdetzea. Igeldoren kasuan hala egin da, eta aurrerantzean ere beste gai askorekin berdin egitea da gure desira”, gehitu du idazleak. Azken batean, igeldotarren %61ak desanexioaren alde bozkatu zuenez, hori errespetatzea “betebehar demokratikoa” dela uste dute. “Gonbitea luzatzen diegu herritarron partaidetza zuzenaren alde herritarron erabakitze ahalmenaren defentsan gurekin batera kalera irten daitezen. Herritarrak protagonista dituen festa baliatuko dugu horretarako, San Tomas egunean, jai giroan Donostiako kaleetara eramango dugu gure aldarria”.

Igeldo herriaren aldeko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean. (Argazkia: E. Zabala)