Oposizioko taldeek udalbatzarra utzi dute, eta saioa bertan behera geratu da quorum faltagatik
Liskarra izan da nagusi 13:00etan hasitako udalbatzarrean. Igeldoko gaia urgentziaz jorratzeko aukera jarri dute mahai gainean oposizioko hiru taldeek, baina udal gobernuak horretaz hitz egiteko parada hilaren 27an egingo duten ez ohiko udalbatzarrean egongo dela esan du, eta udalbatzarrarekin jarraitzeko erabakia hartu du. Hori dela eta, PSE-EEk eta PPk aretoa utzi dute lehenengo eta EAJk, geroago. Jeltzaleek eskatu diote Juan Karlos Izagirre alkateari udalbatzarra bertan behera uzteko, “pluraltasuna bermatze aldera”, PSE-EE eta PP alderdien hutsunea zela eta. Alkateak udalbatzarrarekin jarraitzeko agindua eman du, eta une horretan EAJko zinegotziek ere utzi dute aretoa, “gure borondatearen aurka, baina ez dugu beste aukerarik”. 27 zinegotzietatik 19 joan izanagatik, quorum faltagatik alegia, abenduko udalbatzarra bertan behera utzi behar izan dute orduan.
Hau guztia hogei munuturen tartean gertatu da. Horixe iraun du gaurko eztabaidak. Alkateak Igeldoko gaia urgentziaz jorratzeko proposamena udalbatzarra hasi baino ordu erdi lehenago jaso dutela esan du. Horrenbestez, argudiatu du ez dutela denborarik izan proposamena bera behar bezala aztertzeko. Informazio eta Partaidetza zinegotzi Axier Jakak berretsi du gai hori ez zutela eztabaidatuko “ez delako prozedura errespetatu”, eta ez dutelako “txosten osoa” aurkeztu. Hala ere, Izagirrek eta Jakak nabarmendu dute ez dutela “eztabaida ukatu nahi”, eta oposizioko alderdiei hilaren 27ko ez ohiko udalbatzarrera deitu dituzte, Igeldori buruz bertan hitz egiteko, horretarako bakarrik egingo baitute saioa.
Oposizioko 19 zinegotziek adostutako urgentziazko proposamenaren edukia aldundia auzitara eramatea edo ez bozkatzea zen, Igeldoko aferan legea urratu duelakoan. PPko bozeramaile Ramon Gomezek salatutakoaren arabera, “ikusten denez, alkateari ez zaio premiazkoa iruditzen gure hiriak bere lurraldearen %17a galtzea”. Igeldoko desanexioa “Donostiak politikoki pairatu duen gertaera larriena” izan dela aipatu du. EAJko bozeramaile Eneko Goiak, berriz, esan du Igeldori buruz hitz egiten saiatu direla azken bi urte eta erdian, eta udal gobernuak ez duela eurekin hitz egiteko asmorik izan. “Orain, erabaki bat dagoenean, gertaera gauzatu denean, hitz egin nahi du”, kritikatu du. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok ildo berean hitz egin du: “Udal gobernuak ez du nahi gai honi buruzko eztabaidarik”.
Honela gauzak, aldundia auzitara eramateko proposamena hilaren 27an aurkeztu beharko du oposizioak. Bitartean, gaurko udalbatzarra bertan behera geratu izanagatik, hainbat gai Udalbatzaren bozketaren zain geratu dira: udalak ematen dituen zerbitzuen eta egiten dituen jardueren prezio publikoak onartzea, Hiritar Merezimenduaren Dominen berrestea eta Ramon Labaien alkate ohiaren omenezko erakunde adierazpen baten bozketa, besteak beste.
Bestalde, Itsas Aurre elkarteko hainbat kide izan dira udalbatzarrean, udalerri berriari babesa emateko.