Joaquin Fuentes.
Bigarren saikera izan da gaurkoa, eta hamabi botutatik 10 jaso ditu Joaquin Fuentes, Haurren Munduko Psikiatria Elkarteko presidenteordeak.
Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak erabakitzen du Urrezko Danborra nori eman. Berez, abenduaren 18an zuten aukeratzekoa saridunaren izena, baina ez ziren ados jarri. Izan ere, lehengoez gain beste hautagaitza batzuk aurkeztu zituzten azken orduan. Gipuzkoako emakumeen kirolak iazko denboraldian izandako arrakasta aitortzeko asmoz, Bera Bera Eskubaloia taldeari eta Realaren emakumezko hockey taldeari batera ematea proposatu zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Horrez gain, beste bi proposamen egin zituzten: Joaquin Fuentes, Haurren Munduko Psikiatria Elkarteko presidenteordea eta Jose Antonio Etxenike, Musika Hamabostaldiko zuzendari ohia.
Beste hautagaiak, berriz, Alberto Iglesias eta Justin Biber musikariak; Golden Apple Quartet eta Duncan Dhu musika taldeak; Jose Ocon orkestra zuzendaria; Dario Garrido eta Alberto Schommer argazkilariak; Maddalen Iriarte kazetaria; Vicente Zaragueta Donostiako Aquariumeko presidentea; Javier Aizpurua zientzialaria; Robert S. Winter Donostiako danborradako zalea; Elikagaien Bankua; Itzurun konpartsa; Donostiako Zinemaldia, eta Musika Hamabostaldia ziren.
San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an jasoko du hiriko garaikurrik preziatuena Joaquin Fuentes mediku, psikiatra eta autismoan adituari. Udalbatza aretoan egingo dute sari banaketa, 12:00etan.
Bezperan, berriz,
Hiritar Merezimenduaren Dominak emango dituzte. Donostiako hiriaren alde eginiko lanaren onurak goraipatzeagatik, honako lagun eta erakunde hauek jasoko dute saria aurten: Angel Garcia Ronda, Daniel Zulaika, Vicenta Benitez, haur sahararrak ekartzen dituzten familien izenean, Erroak Sartu Donostia elkartea eta Itxaropenaren Telefonoa elkartea.
Joaquin Fuentes, psikiatra donostiarra
Joaquin Fuentes Biggi
Joaquin Fuentes Donostian jaio zen, eta Medikuntza eta Kirurgia ikasketak egin zituen Zaragozako unibertsitatean. Gipuzkoa Ospitalean jardun ostean, Psikiatriako espezializazioa egin zuen lehenik New Yorken eta haur eta gazte psikiatriako espezializazioa ondoren.
Ordutik, bere ibilbidea autismoaren ikerketari lotua egon da. Haur eta gazteek pairatzen duten autismoaren hautemate goiztiarra, genetika eta teknologia arloak garatu dituelarik bereziki. Gaur egun Gipuzkoako Poliklinikako Haurrentzako eta Gazteentzako Psikiatria zerbitzuko burua da, eta, azken hiru hamarkadetan, parte hartze erabakigarria izan du GAUTENA egitasmoaren garapenean. Gipuzkoan autismoa duten pertsonei arreta emateko proiektuko aholkulari zientifikoa delarik.
Bestetik, gizarte esparruan Joaquin Fuentes e-Mintza aplikazioaren sortzailea da. Hitz egin ezin duten haurrei zuzendutako aplikazio horrek arrakasta handia izan du mundu osoan, 101 herrialdetako 50.000 pertsonek deskargatu baitute, eta berriki egokitu dute iPad eta mini-iPad tresnetarako aplikazioa. Beti doan eskaintzen dute, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez.
Haur Psikiatriako Munduko Elkarteko presidenteordea da, eta iaz Autismoaren arloko Ikerketako Nazioarteko Biltzarra (IMFAR 2013) Donostian egitea lortu zuen. Hala, munduko 1.800 zientzialari eta aditu eta beste 400 bat laguntzaile elkartu ziren hirian.
Mundu mailako biltzarrekin jarraituz, Joaquin Fuentes izango da 2016an egingo duten Espainiako Haur Psikiatriako Biltzarreko presidentea, eta ahaleginak egiten ari da data horietan bertan AACAP (American Academy of Child and Adolescent Psychiatry) Haur eta Nerabe Psikiatriako Ameriketako Akademia Donostiara ekartzeko. Biltzar hori ez da inoiz Estatu Batuetatik kanpo egin.
Lorpen horiengatik guztiengatik erabaki dute 2014ko Urrezko Danborra Joaquin Fuentesi ematea.