Lilatoirako izen ematea egin daiteke otsailaren 28a arte
Donostiako erdialdeko kaleak hartuko ditu emakumeen lasterketak, 25. urtez jarraian, martxoaren 9an
Emakumeek ere kirola egiten badakitela erakusten dute urtero Donostiako erdialdeko kaleetan barrena; eta bide batez, euren eskubideak defendatzen dituzte. Horixe da Lilatoia, emakumeen 5 kilometroko lasterketa, eta aurten ere aldarrikapen egunak ez du hutsik egingo, 25. urtez jarraian. Martxoaren 8an izaten da Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta egun horren bueltan egiten dute urtero Lilatoia; aurten, martxoaren 9an izango da, 11:00etan, eta irteera eta helmuga Bulebarrean izango ditu. Dagoeneko ireki dute izen emate epea, otsailaren 28a arte, Internet bidez. Lilatoiaren webgunean informazio zehaztu guztia topa daiteke, eta beharrezkoa da bertan errejistratua egotea, ondoren, Kirolprobak webgunean izen ematea egin ahal izateko. Patinatzaileek, berriz, donostiroller-en bidez egin behar dute izen ematea.
Zehazki, 14 urtetik gorako emakumeek parte har dezakete lehian, eta sailkapena hiru mailetan banatuko dute; juniorrak, seniorrak eta beteranoak. Honako kaleetatik igaroko da lasterketa: Bulebarra, Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Zubieta kalea, San Martin kalea, Espainia plaza, Argentinar Errepublika, Zurriola zubia, Zurriola etorbidea, Nafarroa etorbidea (itzulia), Lapurdi plaza, Zurriola etorbidea, Zurriolako zubia, Erregina Erregente kalea, eta Bulebarra.
Lasterketa nagusia 11:00etan hasiko den arren, aurretik patinatzaileak irtengo dira, 10:55ean. Gainera, 10:30ean, aerobik saioa egingo dute Bulebarrean, partaideek beroketa egin dezaten. Behin lasterketa bukatuta, udaletxe aurrean, Alderdi Ederreko aldean, sari banaketa egingo dute.
Orain arte moduan, Lilaton Taldea da lasterketaren antolatzailea, baina iazko urrian sinatutako akordioaren bidez, Donostiako Atletikoren laguntza du. Datozen urteetan, ordea, Donostiako Atletikorena izango da Lilatoiaren ardura osoa. Zalantzak argitzeko lilatoncarrera@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke, edo 943 11 999 eta 943 410 810 telefonoetara dei daiteke.