Ernesto Gasco: "Bildurekin haserre egon behar lukete igeldotarrek itxaropen faltsuak emateagatik"
Sozialistak pozik daude foru dekretua bertan behera utzi dutelako. Ernesto Gascoren arabera igeldotarrek haserre egon behar lukete Bildurekin, Garitanorekin itxaropen faltsuak emateagatik eta interes politikoak herritarren interesen gainetik jartzeagatik.
Donostia normaltasunera bueltatu dela esan du Gascok: “azkenik legeak atera gaitu Bilduk sartu gintuen zurrunbilotik”. Garai berri baten hasiera da sozialisten ustez eta Igeldo eta Donostia bat izateko, eta elkarbizitza ahalik eta erosoena izateko formulak bilatu beharko dituzte. “Bizitzan behin pasatzen da trena eta orain da elkarbizitzarako trena hartzeko garai”, esan du Gascok.
Igeldoren auzian lan asko dagoela egiteko uste dute sozialistek, baina borondate handia dutela gaineratu du bozeramaileak. Jeltzaleek bezala, toki entitate txikien aldeko apustua egingo du PSE-EEk. Deszentralizazio formula egoki bat zehazten badute igeldotarrak gustura egongo direla uste dute.