Eusko Jaurlaritzak babesturiko 262 etxebizitza egingo ditu Txomin Enean
Gaur bildu dira udaletxean Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko ordezkariak Txomin Eneako hirigintza proiektuan hartutako konpromisoak zehazteko. Bileran izan dira Maria Covadonga Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordea, Juan Karlos Izagirre alkatea, eta Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotzia, besteak beste.
Txomin Eneako garapena aurreratzea ahalbidetuko duen akordio bat berretsi dute. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzak bi lursail erosiko ditu. 8.500.000 euro ordainduko ditu, eta lursail horietan babes ofizialeko 262 etxebizitza eraikiko dituzte; 146 lursail batean eta 116 bestean.
Izagirreren arabera, akordio honek bultzada nabarmena emango dio Txomin Eneako garapenari, bi ardatz izango dituelarik. Batetik, hirigintza proiektua eta bestetik uholdeak saihesteko auzoan egin beharreko inbertsioak. Zentzu horretan, auzoaren maila 3,5 metro igotzea eta oztopo hidraulikoak kentzea nabarmendu ditu alkateak.
Hirigintza asmoari dagokionez, lehen fasean 950 etxebizitza eraikiko dituzte Txomin Enean; horietatik 106 etxea galdu duten bizilagunei ostatu emateko izango dira.
Izagirrek esan duenez “hirirako proiektu estrategikoa da”, eta pozik agertu da Donostiako beharrei aurre egiteko erakundeen arteko lankidetza eman delako.
Maria Covadongaren esanetan, berriz, jarduera hau Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 aldirako Renova Planean jasota dago, eta bi helburu ditu. Batetik, babestutako etxebizitzak bultzatzea, eta, bestetik, eraberritzea bultzatzea Txomin Enean.