Oriaren XX. Jaitsieran parte hartuko du Donostiarrak
Guztira gizonezkoen eta emakumezkoen 79 ontzi lehiatuko dira larunbat arratsaldean.
Oriaren XX. Traineru Jaitsiera jokatuko dute larunbat arratsaldean, Orion. Egun osoko egitaraua antolatu dute, Orioko Arraun Egunaren harira, baina 16:00etan izango da ekitaldi nagusia, emakumezkoen eta gizonezkoen 79 ontzi lehiatuko diren estropada. Sekula baino partaide gehiago izango ditu Oriaren jaitsierak, eta Donostiarra bertan izango da, hiru trainerurekin. Erlojupeko lehia izango da, eta aurreikuspenen arabera, Donostiarra A taldearen Torrekua II trainerua 63.postuan irtengo da, 16:53an; B taldea, berriz, aurretik irtengo da, 46. postuan, 16:36an; eta C taldea, 40. lekuan irtengo da, 16:30ean.
Goizetik txaranga ibiliko da Orioko kaleak girotzen, eta eguerdian pintxo eta sagardo dastaketa egingo dute. Jaitsiera bukatzean, herriko plazan egingo dute sari banaketa, eta ondoren, Danbolin Musika Eskolako ikasleek dantza emanaldia eskainiko dute kiroldegian.
Igandean, berriz, batelen txanda izango da berriro ere. Gipuzkoako Batel Ligako zazpigarren jardunaldia jokatuko dute, Zumaian, 10:30ean, eta Donostiarrak batel bat uretaratuko du.