Irutxuloko Hitzak behar zaitu
http://youtu.be/aoBYe1Qy3f8
Lanerako ilusio eta gogo handia dugu. Hirian gertatzen den guztia kontatzea gustatzen zaigu, eta batez ere, zuei, hitza ematea: auzotarrei, musikariei, gizarte mugimenduei, kirolariei, sortzaileei, dendariei, jaietako antolatzaileei, euskararen aldeko taldeei… Gustura ematen dugu udalean gertatzen denaren berri, auzoetako jaietan murgiltzen gara, hiriko sortzaileen proiektuak azaltzen dizkizuegu, kirolarien ibilbideen jarraipena egiten dugu eta herritarren aldarrikapenen bozgorailu ere bagara.
Zuen laguntzarik gabe, ordea, ezingo dugu lanean jarraitu. Irutxuloko Hitzak aurrera egiteko, desagertuko ez bada, guztion sostengua behar du.
Donostiako tokian tokiko euskarazko hedabide bakarra gara, eta gure proiektua desagertzeko arriskuan dago. Ataka estu baten aurrean gaude, eta proiektua bizirik mantentzeko gure soldatak jaistea erabaki dugu. Bost kazetari eta kudeatzaile bat ari gara lanean, eta bakoitza 200 euro gutxiago kobratzen ari gara. Urte eta erdiko epean hiru langile gutxiago ditugu lan taldean, egoera ekonomiko larriaren ondorioz.
Harpidedun edo sustatzaile gehiago lortu ezean, IRUTXULOKO HITZA itxi egingo da. Herritarren eta gizarte eragileen laguntza behar-beharrezkoa dugu. Harpidedun egiteak urtean 77 euro balio du, eta sustatzaile izateak 30 euro. Harpidetza egiten baduzu ostiralero jasoko duzu Irutxuloko Hitza etxean. Sustatzaile egiten bazara, Irutxulo.hitza.eus webgunean debalde egiten dugun lana babestuko duzu. 943 46 72 36 telefono zenbakian eta donostia@hitza.info helbidean eman diezaiokezu babesa gure hedabideari.