Txomin etxea eta parkea. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Uholdeak saihesteko udalak egin asmo dituen hirigintza moldaketen ondorioz, eraikina bota egingo dute laster.
Txomin Etxean bizi izan diren hainbat lagun elkartu dira gaur etxearen agur festan.
Duela hogei urte okupatu zuten Txomin Etxea, 1994ko sanjoanetan. Azken boladan pertsona bakarra bizi zen bertan, eta duela gutxi utzi zuen etxea. Etxe hau, ordea, leku oso bizia izan da, eta etengabe egon da jendea joan-etorrian. Jende askoren etxebizitza izan da, eta horietako asko gaur bertan elkartu dira, Txomin Etxeari azken agurra emateko festan. Uholdeak saihesteko udalak egingo dituen hirigintza moldaketen ondorioz, auzoko hainbat eraikin bota egingo dituzte hurrengo egunetan, eta Txomin Etxea izango da botako duten etxeetako bat.
Asier Mendizabalek ondo ezagutzen du etxe honen historia: “Etxea hutsik zegoen okupatu zutenean. Jabea berrikuntza lan batzuk egiten hasi zen eraikinean, baina baimenik gabe egin zituen, eta administrazioak lanak eten egin zituen. Abandonatuta utzi zuen etxea, eta orduan okupatu zuten. Mendizabal 1995ean iritsi zen, eta bost urte eman zituen bertan. Halere, oraindik lotura estua du Txominekin, larunbatero egiten baitu merkatutxoa Txomineko parkean. Gaur eguraldi txarrak ez dio merkatutxoa behar bezala egiten utzi, baina arropa ez beste objektuak atera ditu parkera.
Etxe okupa ezagunenetako bat
Txomin Etxeak urte hauetan guztietan oihartzun handia izan duela azaldu du Mendizabalek: “Etxe okupatu asko daude Donostian, baina ezagunenetakoa hau izan da. Beharbada irekiagoa izan delako, eta jende asko pasa delako hemendik. Agian beste etxe batzuk ez dakite okupatuta daudela, baina hau bai, oso ezaguna zen, eta jendea hona bidaltzen zuten”. Donostiakoa ez ezik, mundu osoko jendea egon da Txomin Etxean: “Ni bizi nintzenean bazegoen venezuelar bat eta alemaniar bat. Okupatu zutenen artean Herbeheretako pertsona bat ere bazegoen”. Euskal Herritik, noski, lagun asko etorri dira. Garai batean Ondarroako “tropa handi bat” elkartu zela ekarri du gogora: “Bat etorri zen, eta gero bere laguna, eta gero bere anaia, eta gero haren laguna…”.
Etxea laster botako zutela espero zen, eta beraz jendea pixkanaka joaten hasi zen: “Jendeak beste leku batzuk aurkitu ditu, eta joan egin da. Okupazioaren dinamika naturala hori da. Gertatzen dena da Txomin Etxean ez dela haien ordezkorik etorri”. Gehienez jota bi aste geratzen zaizkio eraikinari. Atzekaldean oso egoera txarrean dagoen etxe bat dago, eta horrekin batera botako dute, etxe hori beste bizilagun batzuen etxebizitza kaltetzen ari baita.
Asier Mendizabal bost urtez bizi izan zen Txomin etxean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Etxe okupatuak, bestela, ez du aurrera egiteko zailtasun handirik izan. 1997. urtean bizi izan zuten unerik larriena, desalojoaren mehatxua iritsi baitzen: “Etxea bota egin nahi zuen udalak, eta guk presioa egin genuen. Orduan EAko Enrique Arana zegoen hirigintzako zinegotzi gisa. Etxea erortzeko zorian zegoela zioten, baina guk eraikinaren egoera berraztertzeko eskatu genien. Izan ere, hemendik pasa eta gero, hainbat gauza hobetu egin genituen”.
Eta aurrera egitea lortu zuten. Txomineko bizilagunekin arazorik ez dutela izan adierazi du Mendizabalek; alderantziz, harreman ona izan dutela. Esaterako, auzoko gaztetxo batzuk Txomineko festak antolatzen hasi ziren. Etxeko bizilagunek eta Ttan Ttakun irratiak ere haiekin bat egin zuten; eta ordutik irailean elkartu ohi dira jaiak ospatzeko: “Garai batean ekainean ere egiten zen festa bat egiten zen, Txomin Etxearen urtemuga ospatzeko”.
Nostalgiarik ez
Nostalgiarik ez duela sentituko aitortu du Mendizabalek: “Ni, egia esaterako, pertsona praktikoa naiz, momentua bizitzen dut. Ez naiz nostalgikoa. Oso gustura egon izan naiz hemen, eta asko eskertzen dut hemen izan dugun laguntza. Baina iritsi da garaia, eta nahiago dut gauza berriei begiratu. Gainera nik merkatutxoa egiten jarraituko dut larunbatero. Hau ez da katastrofe bat. Ni okupa gisa bizi naiz duela 19 urte. Argi daukat horrela direla gauzak. Horrela bizi naiz, eta pozik bizi naiz. Ez dut negar egingo. Zaharra bukatu da eta bukatu da”.
Pena txiki bat badu. Txomin Etxearen oinarrian zegoen baserri zaharra “besterik gabe” botatzeak harritzen du Mendizabal: “Ondare aldetik pena ematen dit. Hiruehun edo lauehun urte izango zituen baserriak eta egituraren pieza horiek ez berreskuratzea… Arte Ederren eraikina mantentzeaz hitz egiten ari dira, baina agian hemen ere esfortzu bat egin zitekeen. Zati batzuk hartu, eta beste nonbait gorde. Azkenean hondea makina bat etorriko da, eta dena desagertuko da, baina tira”.
-
-
Estibalitz Alvarez eta Iker Egiguren. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
-
-
Asier Mendizabal bost urtez bizi izan zen Txomin etxean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
-
-
Txomin etxea deitzen zioten okupatutako etxeari; 2014an bota zuten. (Argazkia: Nerea Lizarralde)