Azpikontratatutako langilea zen atzo lan istripuz hildako pertsona
Langile bat hil zen atzo Errotaburuko biribilgunearen ondoan eraikitzen ari diren etxebizitzen lanetan, eta bi lagun zauriak pairatu zituzten, seigarren pisu batetik erori eta gero, aldamioak behera egin ostean. Gertaerari buruzko zenbait datu jakinarazi dituzte gaur. Hildako pertsonak 46 urte zituen, eta Amenabar eraikuntza enpresak azpikontratatutako Portugalgo enpresa bateko langilea zen, ELA sindikatuak jakinarazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, sindikatu honek elkarretaratzera deitu du biharko, 11:00etarako, lan istripua salatzeko. Horixe bera egin du gaur eguerdian CCOO sindikatuak, obraren aurrean. Lan istripu gehiagorik ez! pankartarekin protesta egin dute Errotaburun bertan.
LAB sindikatuak, berriz, lan istripua iker dezatela eskatu du, eta dagoeneko urte honetan Euskal Herrian hamaika langile hil direla jakinarazi du. Aurreko urteko istripuen balorazioa egin zuen LAB sindikatuak orain bi aste, eta esan zuen sei minutuan behin lan istripu bat izaten dela Hego Euskal Herrian. Nabarmendu zuen lan baldintzak ez direla hobetu nahiz eta azken urteotan lan ezbeharrak gutxitu diren.
Istripua gertatu zen obra itxita dago atzo arratsaldeaz geroztik. Ezbeharra asteazkenean gertatu zen, 17:00ak aldera, Amerika plazan, Errotaburun.