Katalunia plazako aparkalekuan 101 leku jarri dituzte salgai egoiliarrak ez direnentzat
Donostian bizi direnek, udalerrian diren merkataritza, lan edo industria jardueren titularrek, hirian bizi ez arren inguruan etxebizitzaren bat dutenek eros dezakete lekua.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, egoiliar izatearen hasierako eskakizuna malgutzea erabaki dute egoiliar ez direnei ere aukera eskainiz: “gure ustez ondasun horiei erabilgarritasun publikoa emateko beharra dago. Izan ere, garai batean aparkaleku ugari egin ziren, gehiegi, eta horregatik hartu dugu neurri hau, ulertuta salgai jarriaz, udal zor historiko hori kitatzen joateko diru sarrera bat sortzen dugula eta kalean aparkatzeko toki gehiago eskuratzen dugula”, esan du Albizuk.
Kontxako aparkalekuan ere iaz 139 plaza salgai jarri zirela gogorarazi du zinegotziak eta horietatik 41 saldu da. Kontxako aparkalekuan, hortaz, beste 98 plaza daude salgai.
Katalunia plazan, berriz, orotara 101 plaza daude salgai, 67 hirugarren solairuan eta 34 laugarren solairuan, eta apirilaren 4ra arte dago zabalik eskaera egiteko epea. Hirugarren solairuko aparkalekuek 28.534 euroko balioa daukate eta laugarren solairukoek 24.765 eurokoa, BEZa barne.