Maiatzean inauguratuko dute Enertic, 27 Industrialdeko eraikin ekoadimentsua
55 areto eskainiko dituzte, eta apirilaren 30a baino lehen sinatzen diren kontratuek abantailak izango dituzte; dagoeneko 10 enpresak eman dute izena.
Duela bi urte eta erdi hasi ziren Enertic-en lanak, eta dagoeneko amaierara iritsi dira, azken ikutuak falta baitira guztia prest uzteko. Datorren asterako amaitzea aurreikusi dute. Ekainean lehen enpresak bertan lanean hasteko moduan egongo dira.
Enertic etorkizuneko Urumea Riverside District-en hasiera da, eta ekonomia berria edo smart bussines deituriko enpresa aitzindariei zuzendutako merkaturatze prozesuari hasiera emango zaio. Urumea Riverside District hiriak egindako apustua da eremu smart eraginkorra eta iraunkorra garatzeko hiru eremutan: hiria, ingurumena eta industria.
Gaur erakutsi dute Enertic eraikinaren barnealdea bisita gidatu baten bidez. Alokatzeko moduko zazpi mila metro koadroko azalera du, sei solairutan banatuta. Eraikinak ezaugarri bioklimatikoak ditu, eta energia berriztagarriak ezarri dituzte. Hala nola, geotermia, eguzki fotovoltaikoa, minieolikoa, euri-uren berrerabilpena… Hala, mantentzearen premia energetikoak eta kostu ekonomikoa ere murriztu egingo dira dira.
Euken Sese, Sustapeneko zuzendariak adierazi duenez, dagoeneko badira hamar enpresa Enertic-en kokatzeko interesa erakutsi dutenak. Gainera, apirilaren 30a bitartean sinatzen diren kontratuek %15eko deskontua izango dute, eta horri beste %15 gehitu behar zaio Donostiako Sustapenaren klusterrarekin lotutako konpainien kasuan. Beraz, guztira %30eko hobaria lortu ahal izango dute bi urterako. Alokairuaren prezioari dagokionean, metro koadro bakoitzeko kostua zazpi eurokoa izango da. Gainera, eraikinak coworking aretoak izango ditu, profesionalek lanerako espazioa parteka dezaten hilean 149 euroren truke.
Bestalde, Martuteneko eraikin adimentsu honetan i-Sare proiektu pilotua lantzen ari dira. Energia ekoizteko, modu eraginkorrean banatzeko eta etorkizunean merkaturatzeko egitasmoa da.
Enpresa zentro honetan kokatu nahi duten enpresa edo profesionalek informazio gehiago eskuratzeko bide hauek erabil ditzakete: 943 48 28 00 telefonoa, fomentoss@donostia.org posta elektronikoa eta Fomentosansebastian.org webgunea.