Ander Sagarzazu donostiarra izan da azkarrena Udaberriko Lasterketan
Emakume azkarrena Inma Pereiro kantabriarra izan da, bigarren urtez jarraian lortu du lehen postua.
Korrikalariak animatu dituzten klown pailazoak, musika topera jarri duen txita, eguraldi ona eta freskoa… Giro bikainaz gozatu dute XII. Udaberri Lasterketan parte hartu dutenek. Hamar kilometroko ibilbidea bukatzea lortu dute 1.228 korrikalarik; batek oinutsik egin du. Elhuyar plazatik irten dira 10:00etan, eta unibertsitateen gunetik Zurriolaraino joan dira, Kontxatik eta Bulebarretik pasa ondoren. Eta berriz itzuli dira Antiguarantz.
Gizonezkoen sailkapenean Ander Sagarzazu donostiarrak eskuratu du lehen postua; 31 minutu eta 43 segundotan egin du lasterketa. Hernaniko Sergio Romanek eta Eduardo Gallegok lortu dute bigarren eta hirugarren postua, hurrenez hurren. Emakume azkarrena Kantabriako Inma Pereiro izan da, 36 minutu eta 43 segundotan iritsi da helmugara. Claudia Behobide hondabirritarrak egin du bigarren denborarik onena, eta Izaro Rubio ordiziarrak hirugarrena.
EHUko ikasleen sailkapenean, Eneko Garin villabonatarra izan da azkarrena. Haren ondoren iritsi dira Andoni Olazagirre hernaniarra eta Alexander Oiarbide ordiziarra. Emakumeen podiumera iritsi dira Marisol Martinez irundarra, Helene Alberdi bilbotarra eta Lide Alkorta donostiarra, hurrenez hurren.