Bera Bera omendu dute udaletxean
Laugarren aldiz irabazi du Kopa Bera Bera Eskubaloiak. Dena dela, garaipen bakoitza “berezia” dela aitortu du Matxalen Ziarsolo kapitainak. “Partidaz partida ahalegin handia egin dugu txapelketa eskuratzeko, eta egia esan gero eta gehiago kostatzen da Kopa irabaztea, beraz oso pozik gaude”, esan du Ziarsolok.
Ahalegin horixe aitortu eta eskerrak emateko egin diote omenaldia taldeari udal ordezkariek. “Harrera xume honen bidez zuen ahalegina aitortu nahi dugu. Talde lan bikaina egiten duzue eta indar izugarria islatzen duzue; zorionak eta eskerrik asko”. Horiek izan dira Juan Karlos Izagirre alkatearen hitzak. Banan bana aipatu ditu Bera Berako jokalariak guztien lana goraipatuz. “Beti izango zarete txapeldunak, garaikurra lortu ala ez”, esan du Izagirrek.
Donostiako Udalaren izenean jokalariek, entrenatzaileak eta taldeko gainerako kideek ere garaikur bana jaso dute udal ordezkarien eskutik. Matxalen Ziarsolok eman ditu eskerrak guztien izenean eta Bidebietara joateko gonbita luzatu die donostiar guztiei: “Garaipen hau donostiar guztiena da, eta denak gonbidatzen zaituztegu gure lana gertutik ezagutzera”.