Pio XII.aren plazako eraikinari erabilera berri bat eman nahi dio PSE-EEk
Gaur inauguratu dute probintziako polizia etxe berria, Aldunaenea inguruan, Urumea pasealekuko 17. zenbakian, hain zuzen ere. Nortasun Agiria, Pasaportea eta Bisatua ere bertan egiten dira orain.
Beraz, Pio XII.aren plazan dagoen bulegoa itxita geratuko da aurki. Marisol Garmendia zinegotzi sozialistaren ustez une egokia da Espainiako Barne arazoetako Ministerioarekin akordio batera heldu eta eraikinari erabilera berri bat emateko. Hiria barrutietan banatzeko ideia gero eta zabalagoa den honetan, Amara eta Erdialdeko barrutia kudeatzeko eraikin gisa erabili daitekeela proposatu du, Garmendiak. “Auzoaren erdian dago eraikina, beraz, egokia izan daiteke bestelako erabilera kulturalak emateko ere”, gaineratu du zinegotziak.
Donostiako Udalak 1954. urtean eman zion Pio XII.aren plazako eremu hori Espainiako Gobernuari egungo eraikina egiteko. Orain, ordea, “auzoaren beharrak ikusirik berriro udal erabilera emateko unea” dela esan du Garmendiak. PSE-EEk datorren asteko udalbatzarrera eramango du gaia.