Italiatik etorritako ikasleei harrera egin diete
Zubiri Manteo BHI ikastetxearekin hitzartutako eskola trukearen baitan, Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak harrera egin die gaur goizean hainbat gazte italiarri. Pistoiako (Italia) Liceo Statale N. Forteguerri-A.Vannuciko ikasleak dira eta martxoaren 23tik 29ra bitartean Donostian izango dira. Orotara, 32 ikasle eta hiru irakasle etorri dira. Trukea azken urteotan Toskanako ikastetxe ezberdinekin burutu da, eta Pistoiako ikastetxearekin egiten den lehenengoa aldia da.
Helburua hezkuntza sistema, kultura, ondarea eta enpresak ezagutzea da, eta horretarako, Zubiri-Manteo ikastetxeak zenbait jarduera antolatu ditu: tailerrak, hitzaldiak, Donostiako bisita gidatua, enpresetara (Eroski eta Basque Culinary Centre, esaterako) eta unibertsitatera bisitak, eta baita Iruña eta Bilbora txangoak ere.
Donostiako ikastetxeko familiek italiarrei ostatu emango diete, eta ondoren, apirilaren 4tik 11ra Zubiri-Manteoko ikasleek antzeko programa burutuko dute Italian.