Musika Parkean jarduerari hasiera emango dio apirilaren 12ko kontzertuak; bosgarren urtez jarraian, sei ikuskizun antolatu dituzte Donostia Kulturak eta Euskadiko Elkarte Filarmonikoak, ‘Belarra zapaldu’ lelopean.

Donostia Kulturako Jon Aizpurua eta Euskadiko Elkarte Filarmonikoko Xabier de la Maza. (Argazkia: E. Zabala)
Musika Parkean abiatzear da aurten ere. Aurreko lau urteetan bezalaxe, hiriko sei parketan emanaldi berezi bana antolatu dute Euskadiko Elkarte Filarmonikoak eta Donostia Kulturak,
Zapaldu belarra lelopean. “Parkeak ikusteaz gain, beraietaz beste era batera gozatzea da helburua, hainbat herritan egiten duten moduan”, azaldu du Donostia Kulturako Jon Aizpuruak. Lauroba eta Howdi talde donostiarrek emango diote hasiera aurtengo Musika Parkean jarduerari, apirilaren 12an, 14:00etan, Aieteko parkean. Gainontzeko emanaldiak non eta noiz izango diren aurreratu dute antolatzaileek, baina protagonistak zeintzuk izango diren emanaldi bakoitza baino bi aste lehenago jakinaraziko dute.
Azken batean, musikaren edo emanaldi baten aitzakian, askariak eta mantak hartu eta herritarrek parkeetako belarra zapaldu eta ongi pasatzea nahi dute antolatzaileek. Gainera, jakinarazi dutenez, oso harrera ona du jarduerak herritarren artean, eta iaz, 6.000 lagunek parte hartu zuten. Eguraldi iragarpenen arabera, dataz mugitu dezakete emanaldiren bat, baina beti ere bezperako 10:00etarako emango dute erabakiaren berri.
Aurtengo Musika Parkeanek baditu berrikuntzak. Izan ere, familia asko erakartzen dituela ikusita, haurrentzako aisialdi jolasak prestatu dituzte, kontzertuek irauten duten tarterako. Gainera, euskaraz abesten duten taldeei garrantzia emango diete, eta antolatzaileak proposamenak jasotzeko prest daude.
MUSIKA PARKEAN 2014
- APIRILAK 12 (14:00). Aieteko Parkean, Lauroba eta Howdy. Giza Eskubideen Zinemaldiaren harira.
- MAIATZAK 17. Txomin Eneako Benartegi baserrian. Literaktumen harira.
- EKAINAK 14. Egiako parkean.
- UZTAILAK 19. Miramar jauregian. Jazzaldiaren harira.
- ABUZTUAK 23. Ulian. Musika Hamabostaldiaren harira.
- IRAILAK 20. Urgullen. Zinemaldiaren harira.