Mozorrotuta ospatuko dute Sudur Krosaren 5. urtemuga
Helduen lasterketa 17:00etan hasiko da eta Sudur Txiki lasterketa ordubete lehenago, 16:00etan.
Apirilaren 5ean “atletismo herrikoiaren jaia” egingo dute Egiako parkean. Bosgarren urtez antolatu du lasterketa Porrontxo jaietako batzordeak, eta aurtengoa berezia izatea nahi dute.
Lasterketaren izaera herrikoia eta parkean sortzen den jai giroa nabarmentzeko hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte. Alde batetik, mozorro lehiaketa bat antolatu dute lehen aldiz, eta mozorrorik onena daraman parte hartzaileak saria izango du.
Beteranoen maila ere estreinatuko dute, eta maila berri honetan iristen diren lehen gizonezkoak eta lehen emakumeak garaikurra jasoko dute. Azkenik, parte hartze herrikoia sustatzeko eta azken sailkatuaren ahalegina goraipatzeko garaikur berezi bat eskainiko diote azken sailkatuari. Dena den, parte hartzaile guztiek Sudur Krosaren elastiko bat eta edalontzi bat jasoko dituzte. Sari banaketaren ondoren pintxoak eta sagardoa eskainiko dituzte Plaza Haundin.
Lasterketak 6 kilometro ditu; hiru kilometroko bi itzuli Egiako parkean barrena. Jon Jaka, Sudur Krosaren antolatzaileetako baten arabera, “ibilbide erraza da, aldapa batzuk baditu baina ez dira gogorrak. Eta gainera eskailerak ere dagoeneko ibilbidearen ikur bihurtu dira”. Egiako parkearen sarreran izango da hasiera eta amaiera.
II. Sudur Txiki lasterketa
Iaz egin zuten lehen aldiz txikientzako lasterketa eta 180 haurrek hartu zuten parte. Arrakasta ikusirik aurten ere antolatu dute. 16:00etan hasiko dira, helduak baino ordubete lehenago.
Adinaren arabera ibilbide ezberdinak prestatu dituzte: 0-2, 3-5, 6-9 eta 10-12 urteko haurrentzat. Ibilbide guztiak lauak izango dira eta luzeenak 900 metro izango ditu.
Parte hartzaile guztien artean opariak eta sudurtxoak banatuko dituzte.
Izen ematea
Dagoeneko egin daiteke izen ematea. Helduek sei euro ordaindu beharko dituzte izen ematea aldez aurretik egiten badute. Bodega Tetuan tabernan, Laister eta U51 dendetan egin daiteke eta baita Herrikrossa.com webgunean ere. Egunean bertan ere izena eman daiteke bederatzi euro ordainduta. Txikiek berriz, hiru euro ordaindu beharko dituzte.
Eguraldi txarra egingo balu eguneko izen ematea eta dortsalak jasotzea Trebeska dantza taldearen eta Xabier mendi taldeko egoitzan egingo lituzkete; bestela parkearen sarreran.
Jon Jakak Sudur Krosaren babesle guztiei eskerrak emateko baliatu du gaurko agerraldia: “krisi garai honetan eskertzen dugu auzoko eta hiriko babesleen laguntza, babes hori gabe ez baikenuke bosgarren urtemuga ospatzea lortuko”.