Porrotarekin bukatu du Realak Almeriako partida eroa (4-3)
Almeriara egindako bidaia ez zaio denbora tarte batean ahaztuko Realari, eta ez galdu egin duelako bakarrik (4-3). Partida eroa izan zen atzo gauean jokatutakoa: golak, penaltiak, bertan behera utzitako golak, txartel horiak… azken batean, Aiza Gamez epaileak protagonismo gehiegi izan zuen, eta azkenean, 4-3ko markagailuarekin bukatu zen lehia, etxekoen zorionerako. Realak ez zuen batere norgehiagoka ona jokatu, eta Txapeldunen Ligako postuetan sartzea jokoan zuen horretan, azken postuetako taldeetako bat gailendu zitzaion.
Partida hasi eta berehala hiru gol aukera garbi izan zituen Imanol Agirretxek, Mediterranear Jokoak estadioan, baina ez zuen asmatu. Lehen gola, 21. minutuan iritsi zen; Angel Trujillok eskuarekin eman zion baloiari area barnean, eta txartel horia eta penaltia adierazi zituen epaileak; hala, Carlos Velaren jaurtiketa sare artean sartu zen (0-1). zortzi minutu eskasera, ordea, Almeriako Oscar Diazek berdinketaren gola lortu zuen 29. minutuan (1-1). Atsedenaldia, beraz, 1-1ekoarekin iritsi zen, baina bigarren zatian oraindik gehiago egon zen. Zehazki, 57. minutuan, epaileak 2-1 ekoa bertan behera utzi ostean, ustezko jokoz kanpoagatik, Agirretxek 1-2koa lortu zuen. Gutxira, ordea, 65. minutuan, Verzak 2-2koa ekarri zuen, baita 3-2koa ere, 70.minutuan, penaltiz (Mikel Gonzalezek txartel horia jaso ostean). Markel Bergarak Realarekin lortutako lehen gola sartu zuen buruz, korner baten ostean, 85. minutuan, 3-3ko berdinketa sortuz. Partidaren hondarrean, ordea, etxekoek nagusitzea lortu zuten, Hichamen golari esker (4-3). 93. minutuan, gainera, Aiza Gamezek Francisco Almeriako entrenatzailea kanporatu egin zuen.
Aste honetan atsedenerako tarte gutxi izango dute jokalari txuri-urdinek. Izan ere, ostegunean, 20:00etan, Valladoliden bisita jasoko dute Anoetan; eta igandean, 17:00etan, Osasunaren aurkako euskal derbia jokatuko dute, Iruñean.