Desobedientzia mugimendua indartu nahi dute
Libredonostia.org webgunean jaso dute.
Libre topaketak egingo dituzte apirilaren 12an eta 13an, hausnarketa politiko kolektibo bat egiteko.
Donostiako Askegunearen lehen urteurrenean hausnarketa politiko kolektibo bat egitera deitu dituzte herritarrak. Konpromisoetan oinarritutako desobedientzia bideen inguruko gogoeta egin, eta Konpromisoaren Hitzarmena izeneko dokumentuan jaso nahi dute eztabaida guztia. Eleak Mugimenduko Txerra Bolinaga desobedientziaren bidean sakontzeko beharraren garrantzia azpimarratu du. Donostiako Askegunea eta Ondarroa eta Iruñeako herri harresiak ekarri ditu gogora. Eleak mugimenduak eta 35/02 sumarioko eta gazte mugimenduko auzipetuek antolatu dituzte Libre topaketak apirilaren 12an eta 13an.
Joseba Alvarezek (35/02 sumarioan auzipetua) adierazi du elkartasunetik konpromisora eman beharreko pausoaz asko hitz egin dela azken aldian, eta konpromiso hori zertan zehazten den landu beharrekoa dela: “Elkartasuna, konpromisoa, konfrontazio demokratikoa, herri erresistentzia, desobedientzia zibila… Kontzeptu asko sartzen ari dira euskal herrian zabaldu den egoera politiko berrian borroka egiteko momentuan, baina kontzeptu hauen inguruan asko dago hitz egiteko, eta asko dago eztabaidatzeko”. Arestian aipatu bezala, Konpromisoaren Hitzarmena deitu diote eztabaidaren dokumentuari, eta bere helburua da desobedientzia mugimendua indartzea: “Gure asmoa da hausnarketa politiko bat egitea denon artean. Formakuntza saio sozial bat egin Donostiako herritarrekin eta gizarte eragileekin gai desberdinen inguruan, zein eratako konpromisoak hartu beharko genituzkeen zehazteko. Internazionalismoaren inguruan, euskal kultura eta euskararen inguruan, emakumeen borroka, epaiketen inguruan…. Poliki-poliki desobedientziaren bidearen hausnarketara iritsi nahi dugu “, azaldu du Alvarezek. Topaketen ondoren ere, hausnarketak aurrera jarraituko duela ziurtatu du. Bi eguneko jardunaldian bildutako emaitzak plazaratu egingo dituzte, eta aurrera jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute.
Libre topaketak apirilaren 11n hasiko dira. Goizean eragile sozialen azoka muntatuko dute Bulebarrean. Ondoren, auzo desberdinetatik hiru zutabe irtengo dira Bulebarrerantz, auzipetuei elkartasuna adierazteko. Azoka izango dute eztabaidarako gune, eta bertan egingo dute desobedientzia indartzeko Konpromisoen Hitzarmena txostenaren aurkezpena eta eztabaida. Bulebarrean gaua pasatzeko asmoa dute, aske akanpada osatuz. Hurrengo egunean eztabaidak aurrera jarraituko du, eta arratsalderako desobedientzia ariketa praktikoak egingo dituzte tailer batzuetan. Ahalik eta jende gehien bildu nahi dute Libre topaketetan. Informazio guztia