225 ikaslek ideia berritzaileak eskaini dizkiote Donostiari
TrainINN berrikuntza irekiko laborategian garatu dute lanaldia, Kursaalen.
Bigarren hezkuntzako 225 ikaslek Donostiaren inguruko ideia berritzaileak sortu dituzte TrainINN LAB jardunaldietan, Kursaalen. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Surf City Donostia, Lagun 24, Ikasplay eta Enea enpresek zenbait erronka planteatu dizkiete ikasleei. Honela, lanean aritu dira, eta Juan Karlos Izagirre alkatea ere bertan izan da.
TrainINN Innobasquen Berrikuntza Eskolaren baitan dago; ikasgelatik kanpo berrikuntza ikasteko programa da eta gazteak zientzia, teknologia eta berrikuntzara era sortzaile baten bidez erakartzea du helburu. Modu honetan, ikasleek aukera dute inguruko enpresekin harremana izateko eta errealitatea ezagutzeko. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek esan du gazteak etorkizuna direla eta gogoko duela ekintzaileak izatea.
Erabili duten metodologiak sei urrats izan ditu: brainstorminga, storytellinga, ideia baten aldeko apustua, eskola materialak erabiliz prototipoa sortzea, hautatutako ideia baztertutakoekin aberastea eta aurkezpena. Donostiako ikasleak ere izan dira gaurko jardunaldietan. Izan ere, Axular Lizeoko ikasleei Zurriolako hondartzan surflari eta bainularien arteko bizikidetza hobetzeko erronka ezarri diete. Zenbait gaztetxok hondartza bi zatitan banatzea proposatu duten bitartean, beste batzuek zenbatzaile baten bidez neurtuko lukete jendearen etorria.
Cleantech Now!
Jardunaldiek bihar, apirilak 9, ere Kursaalen jarraituko dute. Izan ere, 400 ikasle ingururentzako Cleantech Now! lantegia eta lehiaketa antolatu dute. Bertan, diziplina anitzeko eta unibertsitate arteko taldeak osatuko dituzte, metodologia berritzaile eta erakargarria oinarri dutela. Gese, Tecnalia Ventures eta Auzolan bezalako enpresentzako irtenbide berritzaileak bilatu beharko dituzte.
Bestalde, lau ikasle taldek epaimahai baten aurrean beren negozio ereduak defendatuko dituzte. Bakoitzak 15 minutu izango ditu eta irabazleak 5.000 euroko balioa duen prestakuntza programa jasoko du opari gisa.