Jokin Aperribai: "Realak egin dezakeen fitxaketarik onena estadio berria da"
Realak Anoeta birmoldatzeko duen proiektuaren berri eman du presidenteak; erakunde publiko guztiak zein Kutxabank klubarekin izaten ari diren jarrera oso ona izaten ari dela aipatu du behin eta berriro.
Anoetaren birmoldaketa hizketagai izaten ari da egunotan. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak mugak jarri zizkion estadioan egin nahi ziren lanei, joan den ostiralean. Edonola, Donostiako Udaleko Anoeta Batzordeak epaiaren aurrean helegiterik ez aurkeztea erabaki duela jakinarazi zuen atzo arratsaldean; hori bai, birmoldaketatik kanpo geratu beharko dira lau izkinetarako pentsatutako dorreak. Azken gertaeren aurrean, Jokin Aperribai Realeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, klubeko presidente orde Angel Oiartzunekin batera. Reala lasai dagoela esan du Aperribaik, eta behin eta berriz errepikatu du oso harreman ona izaten ari direla erakunde publiko guztiekin: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kutxabank. “Denbora asko daramaki Realak estadio on baten beharrean. 1975etik hona, bereziki, Realak hainbat txandakan egin du esfortzua estadio berri bat izateko. Sekula ez dugu esan ez genuela dirurik jarriko, ulertzen dugulako egungo egoera ekonomikoa zein den. Orain, Realak egin dezakeen fitxaketarik onena, estadioa da”, esan du Aperribaik. Gainera, presidentea pozik agertu da udalak helegiterik ez aurkezteko harutako erabakiarekin. “Oso eskertuak gaude udalak epaia ez errekurritzea erabaki izanaz, prozesua aurreratu daitekeelako. Lehiaketa lehenbailehen egitea nahi dugu. Erakundeekin eta Kutxabankekin oso lasai gaude, oso garbiak izan dira”, azaldu du Aperribaik.
Prentsaurrekoan esandakoaren arabera, hainbat alditan bildu dira Realeko ordezkariak erakunde publikoetako arduradunekin, eta Juan Karlos Izagirre alkateak asteburuan esan zienaren arabera, Anoeta berritzeko lehiaketa publikoa irekitzeko ideiak bere horretan jarraitzen du. Hala, Realak Anoeta berrirako prest duen proiektua aurkeztu du presidenteak. “Errekurtsoa duela urtebete jarri zuten,eta horrek lanerako epea eman digu. Gu ere lehiaketara aurkeztuko gara, indar guztiekin, eta ilusio guztiarekin. Lehiaketa zabaltzerako prest gaude, lehen egunean aurkezteko. Europako normatibarekin bete behar dugu, Realak behingoz merezi duen estadioa izatea nahi dugulako”. Aperribaik esan du lehiaketara aurkeztuko ziren egunean zutela proiektuaren berri emateko asmoa, baina azken egunotan gertatutakoak gertatuta, aurkezpena aurreratzea erabaki dutela.
Realak aurkeztuko duen estadioaren proiektuak 43.200 zalerentzako lekua aurreikusten du, eta zelaia bi metro jaitsiko dute. Egindako kalkuluen arabera, estadioa berritzeko obrek lau fase izango dituzte, eta 43’8 milioi euroko kostua izango du. Lanek irauten duten bitartean, 28.000 lagunentzako gutxieneko aforoa izango du estadioak. Hala, egutegiaren gora-beherak tarteko, Realak Ligako bi partida jokatu beharko lituzke beste estadio batean. “Anoeta Realak nahi zuen modukoa izango da. Ez genuen partxerik jarri nahi. Hogei urte daramatza Realak kexatzen, modernitateak eta egungoa mantenduta egin zitekeen onena egitera joan gara. hortik aurrera euroz euro borrokan ari gara. Datorren denboraldirako obrak hasiko lirateke kasurik onenean. “Tramitazio bat jarraitu beharra dago eta beste kluben batek aurkeztu nahi badu, epe bat zabalduko dute”. Hala, bi denboraldi barru, aldaketetarako beharrezko lau faseak eginak egongo lirateke, hau da, 2017ko azaroa edo abendurako. Hori baino lehenago, 2015eko irailerako, estadioaren barrualdea egina egongo litzateke.
Hockey zelaia
Estadioa berritzearekin batera, hainbat konpromiso bete beharko ditu Realak. Batetik, Eusko Jaurlaritzak dirua jartzeko, lehendakariaren baldintza euskal federazioak Anoetan egotea izan da. Bestetik, Realeko hockey taldearentzat taxuzko hockeya zelai bat eraiki beharko dute. “Anoetan ez dugu hockey zelairik aurreikusten, aztertu dugu ea Zubietan nola egin daitekeen. Zubietaz gain ere badaude beste aukera batzuk”, azaldu du Aperribaik.