Iñaki Gurrutxaga, EAJko zinegotzia. (Argazkia: Lide Ferreira)
EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak azaldu du 2012. urteko aurrekontuan 250.000 euroko partida bat ezarri zutela Parte Zaharreko zabor bilketa sistema aldatzeko. Partida hori 2013an eta aurten ere ezarri dela esan du, eta udal gobernua aldatzeko “konpromisoa” hartu zuela esan du, baina oraindik “ez da aldaketarik egon”. “Udal gobernuak gai honi aurre egitean erakusten duen utzikeriaren beste adibide bat da”, nabarmendu du Gurrutxagak.
Horrenbestez, jeltzaleek udal gobernua interpelatu dute azalpenak emateko eta Parte Zaharreko ezaugarrietara egokitutako sistema bat oraindik ez ezarri izanaren arrazoiak azaltzeko. “Denbora honetan guztian zehar, udal gobernuak sistema abian jartzeko gauza ez izateaz gain, azaldu ere ez digu egin zer sistema mota mota erabiliko duen. Parte Zaharreko aldirik handienean erabiltzen den etxeko zaborra biltzeko sistemak 200 urte existitzen zena dirudi”, salatu du EAJko zinegotziak. Izan ere, nahiz eta zenbait kaletan kontainerrak egon, bizilagun gehienek zaborra atarietan utzi behar dutela azaldu du. “Zabor poltsak espaloietan uztea ez da garbia, turistikoki ezagunena den auzoari irudi penagarria ematen dio eta ez du laguntzen zaborren gaikako bilketa bultzatzen, ez eta hondakinen erreziklatzen”, adierazi zinegotzi jeltzaleak.
Parte Zaharreko kale batzuk estuak direla aitortu duen arren, beste zabor bilketa sistema bat egin daitekeela adierazi du. Esate baterako, espazio gehiegirik ez kentzeko, lur azpiko kontainerrak egitea proposatu dute.