
Hordago Hitza mus txapelketa antolatu du
Irutxuloko Hitzak, Donostiako euskarazko komunikabidea sostengatzeko kanpainaren barruan. Izena emateko epea irekita dago jada, maiatzaren 16a arte, 10 euroren truke bikote bakoitzeko. Ekainaren 14an jokatuko da txapelketa, baina kanporaketak, behar izanez gero, aurreko asteetan izango lirateke, aste egunetan.
Txapelketaren helburua,
Irutxuloko Hitza laguntzeaz gain, herritarren eta kuadrillen arteko lehia osasuntsua piztea da eta, bide batez, oraindik erantzunik ez duen galdera argitzea: zein auzotakoak diren hiriko mus jokalari onenak. Dena den, txapelketa hirikoa ez den edonori ere irekita dago eta bikoteek ez dute zertan auzo berekoak izan behar, nahiz eta auzoen arteko lehia piztea den eragingarrietako bat.
Lau erregetara jokatuko da txapelketa, eta izena emateko
txapelketa@hitza.info helbidera idatzi beharko dute bikoteek, datu hauek jarrita: jokalari bakoitzaren izen-abizena, jaiotze data, auzoa edo herria eta telefono kontaktu bat.
Maiatzean, Irutxuloko Hitzaren aldeko beste emanaldi bat.
Gure proiektua bizirik mantentzeko lanean ari gara
Irutxuloko Hitza-ko langileok. Donostiako tokian tokiko euskarazko hedabideak aurrera egin dezan langileok gure soldatak murriztu ditugu. Hilero 200 euro gutxiago kobratzen ari gara. Herritarren eta gizarte eragileen laguntza behar dugu;
harpidedunak eta
sustatzaileak behar ditugu.
Joan den martxoan antolatu genuen
lehen emanaldia, eta maiatzean bigarren bat egingo dugu. Jada baditugu musikari konprometitu batzuk agertoki batera igotzeko prest. Kontzertu akustiko berezi bat prestatuko dugu Iker Laurobarekin eta On musika taldeko Itsaso Gutierrez eta Ekhi Vegasekin. Laster emango dizuegu emanaldi honen berri!