Arkaitz Rodriguezek espetxean jarraitu beharko du
Zigorraren hiru laurdenak beteta eduki arren, askatasuna ukatu dio Konstituzionalak.
Bateragune auzikoen defentsak aurkeztu zuen helegitea aztertu du gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Ez du aintzat hartu Miren Zabaletak, Sonia Jacintok, Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguez altzatarra aske uzteko aurkeztu duten helegitea.
Lehen hirurek beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak, eta Auzitegi Gorenaren iazko sententzia etetea eskatua zuten horregatik. Arnaldo Otegik hilaren amaieran beteko ditu hiru laurdenak, eta horrek ere aurkeztua zuen helegitea.
El Pais egunkariak zabaldu duenez, ordea, atzera bota du eskaera Konstituzionalak gaur aztertu ondoren, eta espetxean jarraitu beharko dute iaz Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka aurkeztu zuten beste helegitea erabaki bitartean.
Konstituzionalak Bateragune auzikoen helegite bat atzera botatzen duen bigarren aldia da gaurkoa. Aurretik eskatu zuten lau horiek eta Rafa Diez aietearrak —azken horrek ez du orain aurkeztu, amaren gaixotasunagatik hilabete batzuz aske geratu zenez ez dituelako oraindik hiru laurdenak bete— zigorra behin-behinean bertan behera uzteko, Konstituzionalak euren helegitea tramiterako onartuzuelako eta erabakitzerako osorik beteta eduki dezaketelako.