Rafael Garcia-Velilla eta Fernando Espinosa de los Monteros Rosillo. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gaur, maiatzak 5, Ondarearen nazioarteko eguna da. Aitzakia horrekin Fernando Espinosa de los Monteros Rosillo Donostian da, eta Arte Ederren eraikinaren auzia mahai gainean jarri du berriro.
ICOMOS, ondarearen babeserako nazioarteko elkarteko lehendakariordea da Espinosa de los Monteros Rosillo. Arte Ederren eraikinaren babes maila dela eta, alerta bat abian jarri dutela jakinarazi du. UNESCOren kultur atalaren aholkulari taldea da ICOMOS, eta kultur ondarearen ikuskatzaile lana egiten dute. Oraingoan, Donostiara begira jarri dira. Udalbatzak eraikinaren babes maila aldatzean “eraikinak balioa galduko duela” uste dute, eta alarma bat piztu dute.
Nazioarteko beste ondare-adituek alarma hori aintzat hartzen badute, UNESCOra bidaliko dute txostena. Kasu horretan, “ondorio latzak” izango liratekeela ohartarazi du Rafael Garcia-Velilla, Donostiako Ondarearen babeserako taldeko kideak. “Ondare kulturalaren arloan UNESCOren alarma bat edukitzea Donostiaren izena zikintzea da; ondarea babesten ez duena nekez joan daiteke gero diru laguntza, edo ondare aitorpen eske”, esan du Espinosa de los Monteros Rosillok.
Dena dela, talde politiko guztietako ordezkariekin bildu da nazioarteko aditua, eta guztien jarrera Arte Ederren eraikina ez botatzearen aldekoa dela esan du; “oraindik ez da berandu, borondatea badago, eraikinaren babes maila handitzeko formulak aurki daitezke”, esan du Espinosa de los Monteros Rosillok.
Alertaren prozedura abian jartzeko hilabetez itxarongo dutela ohartarazi dute, denbora horretan “agintarien erabakiak eta erreakzioak iritsiko direnaren itxaropenez”.
Ondareari buruzko hitzaldia
Fernando Espinosa de los Monteros Rosillok ondarearen inguruko hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean:
La proteccion del Patrimonio a traves de su rehabilitacion.