Asteburu honetan abiatuko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa
Esku pilotan, palan zein zesta puntan talde bana izango du Donostiak.
Iritsi da aurten ere Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatutako Gipuzkoako Herrriarteko Txapelketa. Aurreko urteetan bezala, lehia hiru modalitatetan banatua egongo da; 23 herrik eman dute izena esku pilotarako, zortzik palarako eta lauk zesta puntarako. Eskuko eta zestako lehiak asteburu honetan bertan hasiko dira, eta palakoa, datorren astean. Donostiak hiru modalitateetan izango du talde bana.
Esku pilota lehian, esan bezala, 23 herri lehiatuko dira: Bergara, Errenteria, Lezo, Asteasu, Ataun, Elgoibar, Zumarraga, Zaldibia, Andoain, Donostia, Alegia, Amezketa, Zestoa, Lasarte Oria, Azkoitia, Zizurkil, Hernani, Oiartzun, Arrasate, Astigarraga, Bidania-Goiatz, Tolosa eta Beasain. Final hamaseirenak jokatuko dituzte asteburu honetan eta hurrengoan; final zortzirenak maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean; final laurdenak, ekainaren 8an eta 15ean; finalaurrekoak, ekainaren 22an eta 29an; eta final handia, uztailaren 6an. Donostiako taldearen arduraduna Jose Mari Kalonje da, eta Atano III.ean jokatuko dituzte etxeko partida guztiak. Andoain izango da Donostiaren lehen aurkaria, igande honetan, etxetik kanpo; irabazi ezkero, Bidania-Goiatz izango da donostiarren hurrengo aurkaria, final zortzirenetan.
Zesta puntari dagokionean, lau talde bakarrik arituko dira: Mutriku, Tolosa, Zumaia eta Donostia. Sei jardunalditan banatuko dute txapelketa, denak denen aurka jokatuz; maiatzaren 11n, maiatzaren 18an, maiatzaren 25ean, ekainaren 1ean, ekainaren 8an, eta ekainaren 15ean; finala, berriz, ekainaren 22an. Zumaiaren aurka jokatuko du Donostiak lehen norgehiagoka, asteburu honetan, etxetik kanpo. Oier Enrique da Donostiako arduraduna, eta etxeko partiden eszenatokia Karmelo Balda pilotalekua izango da.
Palan, zortzi herri arituko dira aurrez aurre: Errenteria, Andoain, Donostia, Lazkao, Oiartzun, Olaberria, Ordizia eta Deba. Asteburu honetan eta hurrengoan jokatuko dituzte final laurdenak; ekainaren 1ean eta 8an finalaurrekoak; eta finala ekainaren 15ean izango da. Donostiako arduraduna Iñigo Navarro da, eta Altzako frontoian jokatuko dituzte etxeko lehiak. Donostiak Lazkao izango du lehen aurkaria, Altzan bertan, maiatzaren 18an.