Euskaraz aritzeak saria izango du
http://youtu.be/BID687Hm1XI
Udalean ere euskaraz komunikazio eta sentsibilizazio kanpainaren baitan, urrats berri bat eman dute. Otsailean udal langile guztien artean egindako mosaiko koloretsuaren harira prestatu duten bideoa erakusteaz gain, lehiaketa berri bat aurkeztu dute: Urtebetez kultura euskaraz.
Herritarrek sare sozialen bidez parte hartu beharko dute lehiaketan. Gaur-ek bere Facebookean zabalduko du mosaikoaren bideoa, eta partekatzen duten herritarrak zozketa batean sartuko dira.
Twitter bidez, berriz, #ereeuskaraz traola erabiliz euskara non eta norekin erabiltzen duten adierazi edo argazki baten bidez erakusten duten herritarrek ere zozketa batean parte hartuko dute.
Lehiaketa honen bidez, euskararen erabilera sustatu nahi dutela adierazi dute udal ordezkariek; “euskaraz bizi nahi badugu, guztion konpromisoa ezinbestekoa da”, esan du Juan Karlos Izagirre alkateak, eta lehen hitza beti euskaraz egiteko gonbita luzatu die herritarrei. Mosaikoarekin bezalaxe, gaur ere udal talde politiko guztietako ordezkariak izan dira lehiaketaren aurkezpenean, beren babesa adieraziz. Hala, Aitziber San Roman (EAJ), Marisol Garmendia (PSE-EE) eta Iñigo Arcauz (PP) izan dira agerraldian Nerea Txapartegi eta Juan Karlos Izagirrerekin batera.
Bideoa aurkeztearekin batera jarri dute abian euskararen lehiaketa berria, eta maiatzaren 19a arte luzatuko da. Hurrengo egunean bertan, maiatzaren 20an jakingo dira bi irabazleen izenak, Udalaren webgunearen bitartez eta Euskaraz.net webgunearen bitartez.
Kultura sari
Urtebetez kultura euskaraz lehiaketan parte hartzen duten donostiar guztien artean, Donostia Kulturak urtebetez euskaraz antolatzen dituen emanaldi guztietarako bi sarrera zozkatuko dituzte.
Uztailaren 1etik 2015eko ekainaren 30era euskaraz egingo dituzten saio bakoitzerako bina sarrera izango ditu Facebook bidezko irabazleak, eta beste hainbeste, Twitterreko irabazleak. Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak adierazi duenez, Donostia Kulturak 20 kontzertutik gora, 50 antzezlan eta beste hainbeste ikuskizun eskaintzen ditu euskaraz urtean.
Erlazionatutako edukiaUdalean euskararen erabilera areagotzeko guztiek egingo dute ahalegina