Irutxuloko Hitzaren aldeko kontzertu akustikoa
Iker Lauroba eta On musika taldeko Ekhi Vegas eta Itsaso Gutierrezek emanaldi berezia egingo dute Liburutegi Nagusiaren San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan.
Irutxuloko Hitzako zaleok! Ekitaldi berezi bat egingo genuela esan genizuen, eta horren berri ematera gatoz. Jada prestatu dugu dena! Egian hasi ginen Irutxuloko Hitzaren aldeko emanaldiekin Bukowskin Jon Plazaola eta Ion Martinez ‘Txiki’-rekin barre egin bazenuten, oraingoan musikaz gozatzeko proposamen bat egingo dizuegu: kontzertu akustiko bat. Parte Zaharrean egingo dugu, San Jeronimo kalean, Udal Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan. Lauroba taldeko Iker abeslari eta musikaria, eta On taldeko Itsaso Gutierrez eta Ekhi Vegas izango dira maiatzaren 15ean egingo dugun emanaldiaren protagonistak.
Iker Lauroba disko bat prestatzen ari da. Udazkenean kaleratzeko asmoa du, baina jada zuzenean aurkezten hasi da lan berri hau osatzen duten kantak. Zenbait lagun musikarirekin inguratuta joko du Irutxuloko Hitzaren aldeko kontzertu honetan.
On musika taldeko bi kide ere gonbidatu ditugu: Itsaso Gutierrez eta Ekhi Vegas. Biek ala biek euren proiektu akustikoa jarri dute abian, eta prestatzen ari diren lanaren aurrerapen bat eskainiko dute kontzertu akustiko honetan.
Bi emanaldi berezi, xarma handia duen areto batean. Irutxuloko Hitza zaleok! Han espero zaituztegu!
[box]
Irutxuloko Hitza kinka larrian dago, eta proiektua babesteko asmoz abian jarri dugun sustapen kanpainaren barruan egin dugun kontzertua da maiatzaren 15ean egingo duguna. Sarrera 6 euroren truke eskuratu ahal izango da emanaldiaren egunean bertan. Arratsaldean izango da kontzertua, 20:00etan.
Gure proiektua harpidetza eginez edo sustatzaile bihurtuz babes dezakezu: Harpidedun egiteak urtean 77 euro balio du, eta sustatzaile izateak 30 euro. Harpidetza egiten baduzu ostiralero jasoko duzu Irutxuloko Hitza etxean. Sustatzaile egiten bazara, Irutxulo.hitza.eus webgunean debalde egiten dugun lana babestuko duzu. 943 46 72 36 telefono zenbakian eta donostia@hitza.info helbidean eman diezaiokezu babesa gure hedabideari.
[/box]