Musika eta Dantza Eskolan izena emateko epea zabaldu dute
Donostiaeskola.org webgunearen bitartez ere.
Gaur egun dagoen ikasle kopuruari (2.100) eutsi eta ikasle berriei ere lekua ematea da Udal Musika eta Dantza Eskolaren helburua; aurten 700 bat ikasle berrirentzako lekua eskaintzea aurreikusi dute.
Urtez urte eskolan izena ematen duten herritarren kopurua handiagoa dela aitortu du Mikel Mate zuzendariak, eta gustura agertu da arrakastarekin. Hainbat ikasgaitan eskaera eskaintza baina handiagoa izan ohi da eta lekuak mugatuak direla aitortu du Matek, baina “kalitatezko musika eta dantza heziketa” eskaintzen ahalegintzen omen dira.
Irailean hasiko da ikasturte berria, eta aurten hainbat berrikutza eskainiko dituzte, euskal dantzak, esaterako. Dantza eskolako eraikin berria urtarrilean irekiko badute ere, besteekin batera, irailean hasiko dira dantza ikastaroak. Sei urtetik gorakoentzat izango dira saioak, eta helduen taldeak ere osatuko dituzte. Euskal Herri osoko ohiko dantzak erakutsiko dituzte.
Helduentzako musika kultura ikastaroak arrakasta handia izan du, eta datorren ikasturtean ere eskainiko dute. Musikaz gozatzeko baliabideak izatea du helburu, musikaren historia entzunaldien bidez errepasatzea, hainbat garai eta estilotako berezitasun musikalak aztertuz. Gainera, Euskal Herriko, eta bereziki Donostiako herri musika erakutsiko dute.
Tailerren artean, bideo klipak egiteko Musika informatika tailerra, Musika modernoaren tailerra eta inolako ezagutzarik ez dutenentzako gitarra tailerra nabarmendu dituzte aurtengo berrikuntzen artean.
Musika eta Dantza Eskolan adin mugarik gabeko heziketa arautu gabea eskaintzen dutela azpimarratu du bertako zuzendariak. Batez beste, sei edo zortzi urte igarotzen dituzte ikasleek ikastaroetan, eta helburu nagusia haur, gazte nahiz helduengan musika eta dantzarako zaletasuna sustatzea dela adierazi du Matek.
Gaurtik maiatzaren 23a arte egin daiteke aurretiko izen ematea eskolako bulegoetan; astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Baita