Musika kalera aterako dute
Iker Lauroba, Makala jazz funk band, Belako, Grises eta Wilhem and the dancing animals zuzenean arituko dira ekainaren 21ean, Fnac-ek antolatutako Musika Egunean, Donostikluba eta Lacunzaren laguntzarekin.
Zuzeneko musika emanaldiekin ospatuko du Musika Eguna Donostiako Fnac-ek, laugarren urtez jarraian. Hala, musika izango da eguneko protagonista, ekainaren 21ean, San Martin merkatal gunearen pareko Loiola kalean. Doako kontzertuak eskainiko dituzte honako artistek egun osoan zehar: Iker Lauroba, Makala Jazz Fund Band, Wilhelm and the dancing animals, Grises eta Belako. Aurreko urteetan oso harrera ona izan dute emanaldiek Fnac-eko zuzendari Justo Albarranek gaur agerraldian esan duenez, eta iaz, 3.000 musikazale baino gehiago bertaratu omen ziren.
Donostikluba eta Lacunzaren laguntzarekin antolatu du Fnac-ek Musika Eguna. Hala, Donostikluba musika zirkuituari itxiera emango diote ekainaren 21eko kontzertuek. “Aurten 54 kontzertu baino gehiago eskaini ditugu Donostikluban eta ia 15.000 lagun igaro dira emanaldietatik. Gainera, euskaraz abesten duten talde asko batu ditu”, azaldu du Donostiklubako Jon Aizpuruak. Lacunzak bere aldetik, postu bat jarriko du Loiola kalean, ikasturte bukaerarekin bat eginez. Hortaz gain, Musikaren Egunean argazki bat atera eta hizkuntza akademiaren Facebook eta Twitter kontuetan zabaltzen dutenek honako zozketetan parte hartuko dute: bi ikasturteetarako ikastaroak, lauhileko ikastaro trinko bat, mintzapraktika ikastaro bat, udako ikastaro bat eta haurrentzako frantses ikastaro bat uztailean.
12:00etan hasiko da zuzeneko musika, Makala eta Laurobarekin, eta gainontzeko taldeek 17:30etik aurrera joko dute.